Izurdeen aurreko bizitza

2

Izenburua: Izurdeen aurreko bizitza
Idazlea: Kirmen Uribe
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2021

Euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli. Migranteari ere gertatzen zaio halakorik herrialdez aldatzen denean. Mudatzen zaio bizitza eta ezinbestean baita atzean utzitakoarekiko lotura ere.
Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera, haurtzaroko bizipenak, faro bat arrosaz margotu zutenekoa, izebarekin konpartitutakoak. Familia ezari-ezarian hirian etxe egiten doan bitartean.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Andoain 25.4

Patchwork arraro eta, aldi berean, ederra josi digu oraingoan ere Kirmenek. Rosika Schwimmer emakume sufragista eta bakezalea ezagutarazten digu. Euskal idazleak eta bere familiak New Yorken daraman bizitzaren berri ematen digu… Irudi du ez dutela elkarrekin ondo jo behar atal luze eta historikoek eta egunerokoari bizitzak ataltxo xumeek, hausnarketa pertsonalek… Baina puzzle irregular bitxia osatzen dute, niretzat, lehen liburuan, gehienbat. Bigarren liburuan erritmoa moteldu egiten dela iruditu zait.

Irakurtzea merezi du.

Bilbo 54.3

Liburu berezia Kirmen Urriberen azkena. New Yorken jasotako beka bati esker, hara joan zen idazlea Rosika Schwimmer bakezaleri buruzko liburu bat idaztera. Eta hauxe da bekaren emaitza. Nahiz eta irrikan itxaron liburua noiz agertu, hedabideetan sarritan agertzen zelako Kirmen liburu horri buruz mintzatzen, ez nau guztiz ase.

Izan ere, idazleak ez du bakarrik Rosikaren bizitza kontatzen, baita bere ikerketa lana eta bere familiaren bizitza New Yorken. Eta hori guztia, liburuaren bi heren, gutxi gorabehera, oso interesgarria iruditu zait.

Baina gainerakoa aspergarri iruditu zait. Bat-batean, Rosika ia-ia desagertu da liburutik eta pandemiaren zoritxarra eta idazlearen ezintasuna liburua amaitzeko bihurtu dira argumentuaren muin. Eta, esan dudanez, interesa ahuldu zait.

Dena den, nahiz eta berezia izan bai idazlea bai bere liburuen egitura, inoiz ezin d Kirmenen liburuak irakurri gabe utzi. Ondorioz, gomendatzen dut liburu hau, Kirmen Uribe irakurri beharreko idazlea baita, eta gustatu zaidana gustatu ez zaidana baina handiagoa izan baita.