Izenburua: Gerra txikia
Idazlea: Lander Garro
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2014
Errefuxiatua da Xabi Ugarteren aita. Hiru seme-alabak trenean sartu ditu amak 1983ko urriko goiz batean eta, muga igaroz, aitarengana joan dira Hendaiara, zalantzez beteta, ohiz besteko lekuan bizi beharko dutelako aurrerantzean, baina oraindik ohartu gabe gerra giroa datorrela etxeraino. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak… Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua.
Oso gustora irakurri dut. Iparraldean Hegoaldeko familia baten egokitzapena oso ondo islatua ume baten begiradaren bidez. ETA, politika, garai gogorrak oso ondo kontatuak. Gomendagarria
Liburu polita eta, askotan, hunkigarria Lander Garroren azkena, nahiz eta, hasieran, asko kostatu liburuaren harian murgiltzea, Izan ere, liburuaren lehenengo herena astuna iruditu zait, Xabi haurraren bizitza baita heren horren muin nagusia, ia besterik kontatu gabe.
Hala ere, handik aurrera istorioak bizitza hartu du, atentatuak, atxiloketak eta errefuxiatuen bizi-baldintza latzak kontatzen hastean, eta ezin izan dut liburua utzi amaitu arte. Izan ere, hasieraren irakurketarekin aste bat egon banaiz, gainerakoa egun batean amaitu dut. Eta, gainera, penaz geratu naiz, istorioak ez jarraitzeagatik.
Halaber, gaia berria izan da niretzat, errefuxiatuen Iparraldeko bizitza gutxitan agertu baita gure literaturan gai nagusi gisa eta ez tangentziala (bai ordea kazetaritzan). Ondorioz, oso argigarri eta aberasgarri iruditu zait gaia, haurren eta familien ikuspuntuik ikusita, gainera.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau, hasieran neukan ustea guztiz irauli batu, onerako.
Lander Garrok 1986 urte irian Eskual Herriak bizi izan zuen garai nahasia deskribatzen du, ingurumen hau 9 urteko mutil baten begietatik ikusita. Xabi, mutila, gertakari larrien edo arinagoen lekukoa da eta bere begirada inozoaz behatzen zaie. Haur baten gisan haurtzaro eta nerabezaroaren urratsak iruzkitzen ditu. Batzuetan ume-jarduera batzuk Nikolas TTipiaren abenturak gogoratzen zizikidaten .
Problema da, nire ustez, mutikoa hirugarren pertsonan aurkeztuta dagoela. Nire iduriko idaz-teknika horrek bizitasuna, errritmoa kentzen dizkio narrazioari eta pixkat artifiziala emaiten du. Ez ote luke bizitasun gehiago lortuko Xabik lehenengo pertsonan hitz egingo balu?
‘Gerra txikia’ hasi bezain laster bere hastapen poetikoak harritu ninduen: ”Goizeko lehen eguzki printzekin esnatu zen Xabi”. Jarraipena ez da hain poetikoa, gogorra baizik. Izan ere, 80ko hamarkadako errefuxiatuen bizimoduaren eta arazoen ingurukoa da testu hau, 9 urteko mutilaren ikuspuntutik kontatua, Xabi Ugarteren ikuspuntutik, hain zuzen ere.
Izugarri gustuko izan dut oso ondo kontatutako istorioa delako. Izan ere, irakurlea batzuetan sutan jartzen da, beste batzuetan hunkitu egiten da eta behin baino gehiagotan barre egiten du.
Aipatzekoa da tenore gogorrenetan umorea sartzen jakin duela Lander Garrok. Adibidez, Xabiren aita atxilotzen dutenean Oreretako idazlea ondorengoa idazten ausartzen da: ”Zakurrak isatsa mugitzen du, pozik dago horrenbeste jenderen artean”. Aitaren eta Gotzonen (Xabiren anaia) eztabaida ere umoretsua da: Egun batean Gotzon alkandora batekin agertzen da eta han “Ni Dios, ni patria, ni rey” idatzita dago. Aitak galdetzen dio Gotzoni zer den aberria berarentzat. Gotzonek erantzuten dio ez dakiela. Orduan aitak agintzen dio alkandora kentzeko eta aberriaren esangura dakienean janzteko berriz.
Amaitzeko, pasarte txeratsu bat nabarmendu nahi nuke: Aitak eskuak bizkarrera lotuta ditu, atxilotuta dagoenez eta zigarreta bat eskatzen du….”Zigarreta ahoan jarri du semeak (Gotzonek), txiskeroa piztu du bere aurrean, eta aitak indarrez sakatu dio”.
Hori guztia dela eta, eleberri hau irakurtzea gomendatuko nizueke, batez ere gure hurbileko historiaren inguruan idazten duelako Oreretako idazleak, modu apal eta zirraragarri batean, gainera.
Ume baten begiradapean gure historia hurbileko pasarte gogorrenetariko batzuk ekartzen ditu orriotara Lander Garrok. Istorioak indarra du, benetakotasuna ere dario (kasu batzuetan herrenka egiten duela uste dudan arren), erritmoa du, engatxatzen du, xaloa da, eta abar. Eta, gainera, amaieran borobildu egiten du egileak.