Faith

3

Izenburua: Faith
Idazlea: Lander Garro
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2021

Xabi Ugarte Bartzelonara doa, argazkilaritza ikasteko aitzakiaz Euskal Herriko errepresio-girotik aldentzeko asmoz (edo alderantziz). Ohe baten bila hasi beharko du, lagunen eta ezagunen etxeetan; hiri handiko kale eta txokoetara moldatzen joango da, Bartzelona bertako jendea nahiz han egokitutako euskaldunak ezagutzen, zinema-eskolan izena eman eta arlo horretan lehen pausoak ematen…

Bere familiak nozituriko zapalkuntzaren motxilak bizkar gainean jarraitzen du, ordea, bai Ugarteren gogoeta eta oroitzapenetan, bai poliziaren eguneroko jardueran ere: Xabiren anaia eta arreba ihes eginda daude, edozein unetan atxilotu ditzakete, eta bere inguruan ere txakurren itzal eta usain nahasezina sumatzen du.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.5

Esan liteke eleberri hau autofikzioa dela edo, behintzat, kontatutako gertaerak pertsonaia nagusiak bizi duen errealitatetik oso gertu daudela, biak lotuta baitaude argazkiarekin, zinemarekin eta Iparraldean bizi izan baitira.

Bi gai nagusi nabarmenduko nituzke liburu honetan: hiru anaien-arraben egonaldia kartzelan, horrek dakarren guztiarekin: injustizia, tortura, galdeketak, sufrimendua… eta zinema.

Liburuaren izenburua Xabier Ugarte protagonistak Bartzelonan egin nahi duen film bati dagokio. Aukeratu ingelesezko titulua, gaztelaniaz Fé formula kimikoa iruditzen baitzaio; ingelesez, berriz, Lars Von Trianek eman zion izena ‘Rompiendo las olas’ saioaren seigarren atalari.

Zinemazale naizen aldetik, asko gozatu dut eleberri hau irakurtzen, egilearen gustuak partekatzen: Victor Erice, Rober Guedigian, Abbas Kiarostami, François Truffaut, Stanley Kubrick, Godard…

Estiloari dagokionez, egileak berdin erabiltzen ditu lehena eta bigarrena, testuari bizkortasun handia emanez. Idazlea Iparraldean bizi dela nabaritzen da, eta frantsesa menderatzen duela “mise en abyme” bezalako kontzeptuak erabiltzean. Gai guztiak nahastuta daude, puntu eta aparte bakar batek bereizita, baina horrek ez dio argitasuna kentzen testuari.

Hala eta guztiz ere, espetxeaz, isolamenduaz eta poliziengandik jasotako tratuaz hitz egiten duen pasarteak iruditu zaizkit zirraragarrienak. Eta, batez ere, amaren giza erreakzio ausartari dagozkionak. Horregatik bakarrik merezi du liburua irakurtzea.

Bilbo 54.3

Oso liburu ona Lander Garroren azkena. “Gerra txikia” aurreko liburuan bere alter ego Xabiren haurtzaroa kontatu bazigun, Iparralden bizi zenean, eleberri honetan bere gaztaroa kontatzen digu, bere kartzelaldiak eta Bartzelonako egonaldia, batez ere.

Istorioak guztiz harrapatzen zaitu, protagonistari denetatik gertatzen zaiolako eta liburua oso era bizian eta ederrean idatzita dagoelako. Beraz, ezin da utzi irakurketa amaitu arte.

Estiloa oso bizia eta ederra bada, baita erabiltzen duen euskara ere, ezin dut gauza bera esan liburuan etengabe agertzen diren gaztelaniazko esaldiei buruz. Oso tipikoa da euskal literaturan polizia espainarrek, guardia zibilek eta ertzainek gaztelaniaz hitz egitea. Badirudi horiek ezin direla, ezta fikzioan ere, euskaraz aritu, eta, ondorioz, Iparraldeko irakurleak kaltetuta suertatzen dira, gaztelania nahitaez jakin behar delako argumentuari behar bezala jarraitzeko.

Dena den, ñabardura hori kenduta, liburu hau oso gomendagarria da, Lander Garroren orain arteko liburu guztiak bezala.

Getxo 50.1

Euskal Herrian gazteek pairatutako errepresioa, soilik militatzeagatik, gogorra izan zen 2.000.urtean. Lander Garrok garai horretara garamatza: sasia, kartzela, atxiloketak,…

Itzelak dira zenbait idazleri, libururi, abestiri… egiten dizkien erreferentzia. Koadernoa eta boligrafoarekin irakurri beharreko liburua. Trama polita, engantxatzen zaituena eta bukaera arte harrapatuko zaituena.