Pikondoaren balada

1

Izenburua: Pikondoaren balada
Idazlea: Leire Bilbao
Ilustratzailea: Maite Mutuberria
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2017

Osaba Lukasek etxe ondoko pikondoaren adarretan pasatzen du eguna, liburuak irakurriz, etxekoekin hitz eginez eta kanta zaharrak abestuz; gerra iristen denean ere, bertan ezkutaturik geratuko da, armei uko eginda, halako batean, sekula gehiago arbolatik ez jaistea erabakitzen duen arte. Istorio eder eta hunkigarria, Martiña ilobak kontatua.

Subscribe
Notify of
guest
1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Donostia 47.3

Iazko Lizardi Saria irabazitako liburu honek zalantza sortu dit. Istorioa ulertu dut baina istorioak zer esan nahi didan, ez guztiz. Istorioak bi azpi-istorio nagusi ditu. Martinak bere osaba Lukasekin duen harremana eta gerra. Lukas pikondo batean bizi da zuhaitza zainduz eta pikuak janez eta apurka-apurka pikondo bihurtzen ari da osaba. Beraz, gerrara joateko bere bila datozenean pikondoan ezkutatuta dagoenez ez dute aurkitzen. Martinaren aita izango da gerrara doana.

Erramun Martikorenaren “txoriekin mintzo zen” dioen abestian bezala, Lukas ere txoriekin mintzo da eta gerrako berri txarrak kontatzen dizkiote. Aita gerratik itzultzerako Lukas zuhaitz bihurtua da eta Martinak erabaki bat hartzen du. Osabaren bidea jarraitzea.

Leire Bilbaok ez du gerra maite; baina Martinaren aita gerrara joan izana ere ez du kritikatzen. Bada Lukasen esaldi bat zer pentsa eman beharko ligukeena: “Ezin da esan gerrate baten errua alde bakarrarena denik”. Edo beste hau: “Gerra bat irabazteko modurik onena hura saihestea da”. Ados, baina behin gerra-eraso bat nozituta zer egin? Zein da gerra bat saihesteko erarik onena? Lukasen bidea ala Indiako politikari batek esan zuena, alegia, armaz lepo hornitzea balizko etsaia izutzeko eta horrela ez dadin gerra has. Izango dira bide gehiago ere. Gauza bat argi dago, gerrak ez direla amaitzen, edo ez luketela amaitu behar, arerioek euren artean hitz egin gabe. Kontu konplikatua da gerra, gizakiaren porrot handienetako bat, handiena agian, eta kontu konplikatua gerra amaitzen jakitea.

Horregatik, eta nahiz eta nik ere zuhaitzak atsegin izan, oso atsegin, Martinaren azken erabakiak epel utzi nau. Ondo, Martina, baina kontua ez da hain erraza zoritxarrez: jende gehiegi dago munduan gerrarako prest.

Bukatu baino lehen zerbait esan nahi nuke marrazkiez. Hobeki esanda marrazkiekin batera ageri diren garai bateko argazkiez. Argazkietan benetako jendearen aurpegiak azaltzen dira, zuri-beltzean, eta horrek dramatismoa ezartzen dio kontaketari. Esanez bezala, hau ez da fikzio hutsa.