Izenburua: Izotz ura
Idazlea: Lide Hernando
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2023
Denbora da Saioa eta Mara ez dabiltzala elkarren gertuan. Lehena irakasle dabil, haur bat izan du aspaldiko bikotekidearekin, eta utzita du musika, nahiz eta ezer gutxi bezala mugitzen den zerbait bere barruan aspaldiko diskoak entzutera giltzapetzen denean; bigarrena, kontrara, bete-betean dabil musikaren industrian, foku ugariren pean, eta apenas agertzen den hazten ikusi zuten kaleen artera. Han lotu ziren biak musikara, abesbatzako klaseetatik gaztetxeko oholtzara, eta biengan lorratza utzi zuen norbait hil da orain.
Laguntasun harreman baten une fundatzaileak, poz partekatuak eta ezkutuko mindurak dira kontakizun honen hezurdura. Euskal Herriko historia hurbilean girotuta, zeharkaldi berean ageri dira Kilometroak jairako kantu-grabaketa, herritik hirirako distantzia, Bataplan, Friburgoko okupazio giroa, gurasoen etxeetako sukaldeak eta bizitzaren xake taula zuri-beltza.
Etengabe eraldaketan diren urak Lide Hernando Muñozen lehen nobelan.
Kosta egin zitzaidan istorioan sartzea. Ez argumentuak ez pertsonaiek ez ninduten konbentzitu. Oso sinplea iruditu zitzaidan, eta argudioa behin eta berriz errepikatzen zen. Modu linealean idatzi izan banu, ni azkarrago sartuko nintzatekeen nobelan. Baina eleberriak hartu ninduenean, ez zitzaidan hain sotila iruditu.
Berez, gazteen istorio bat da, bi emakumeena, eta, hain zuzen ere, haiek dira pertsonaia nagusiak musika arloan lan egiten zutenak. Biak ez, batek musika utzi eta irakasle bihurtu zen. Kontatzen dena benetakoa da, eta Euskal Herriko herrietan hori gertatu ohi da.
Nabari da Lide Hernando Muñoz musikaria dela eta dagoeneko bost disko grabatuta dituela. Eleberri honetan musikaren mundua islatzen du eta hiztegi sinple batekin egiten du, konplexua ez den egitura batekin, nahiz eta batzuetan flash back-aren erabilerak irakurketa zaildu dezakeen.
Kasualitatez, aste honetan Lide Hernandoren lehen eleberri hau komentatu dugu Gateizko irakurle klubean. Gehienek gustura irakurri zuten liburua. Egilearen presentziak solasaldia aberastu zuen liburuari buruzko datu batzuk emanez. Adibidez, esan zuen eleberria ez zela autobiografikoa, fikzionatua baizik, musikaren mundu erreala deskribatu nahi izan zuela, hori dela eta, pertsonaia batzuek estereotipatuak dirudite. Gaztexea modu erromantikoan deskribatu nahi izan zuela gaineratu zuen.
Hirugarren pertsonan idatzita dago eta belaunaldi-nobela dela esan daiteke, Iban Zalduaren hitzetan. Asmoa da adiskidetasun baten hitoria kontatzea, nola egiten eta desegiten den. Itzitz ura modu argitsuan amaitzen da. Esandako guztiagatik, irakurtzea merezi duen testua da.
Oso liburu ona eta berezia Lide Hernandorena. Musikariak bere lehenengo liburua idatzi du eta berak oso ondo ezagutzen duen gaia aukeratu du liburu horretarako, musika, hain zuzen.
Protagonistak, Mara eta Saioa, musikariak dira, baina ibilbide desberdinak dituzte musikari gisa. Euren arteko harremana korapilatsua izango da eta maisuki azalduko digu Lidek.
Liburu ona izateaz gain, zaila ere bada. Istorioa harilkatzeko era katramilatsua da, etengabeko atzera-aurrerekin eta subjektuen elipsiekin. Batzuetan ez nekien nori buruz ari zen idazlea, protagonistaren izena oso berandu agertzen baitzen eta une hori artekoa oso kriptikoa zelako.
Baina orokorrean, gozatu egin dut Mararen eta Saioaren istorioarekin eta herriko gaztetxetik pasatzen zen jendearenarekin.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.