Mundu zitalaren kontra

2

Izenburua: Mundu zitalaren kontra
Idazlea: Lizar Begoña
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024

Kiosko bat Benidormen, hondartzako pasealekuaren aurrean, garai batean egunkariz eta bezeroz mukuru, gaur egun ahazturaren eta dekadentziaren ikur bihurtua. Eta bertan bi emakume lanean, goiz eta arratsaldeko txandetan: Pilar, XX. mende erditsuan kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba, ahizpa zahar elbarriarekin bizi dena; eta neska gazte bizkaitar izenik gabeko bat, udan lantxo bat izateko hara joana, bere barruko lainoengandik ihesi akaso.
Bi bakardade paraleloren kontaketaren bidez, egungo gizartearen erretratu zorrotz bat egiten du egileak: identitate lausoak, harreman zehaztugabeak, helburu eta esperantza argirik gabe noraezean ibiltzea Lizar Begoñak begirada eta estilo propioak erakusten ditu Igartza sariari esker idatzitako bere lehenengo eleberri honetan.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Asko aspertu naiz Lizar Begoñaren lehen eleberri honekin. Igartza saria irabazi zuen eta ezin naiz ados egon sari horrekin.

Argumentuak ez nau batere harrapatu, prentsa-kiosko bat ez dut uste tokirik onena denik istorio bat garatzeko. Baina gehien amorratu nauena hizkuntzaren hautua izan da. Izan ere, istorioa Benidormen kokatzea ondo egongo zatekeen euskaraz egon balitz liburu osoa, baina Benidorm herria aitzakia hutsa izan da liburuaren zati handi bat euskaraz ez egoteko, valentzieraz eta gaztelaniaz baizik. Nik euskal literatura erosten dut euskaraz irakurri nahi dudalako, ez hizkuntzak ikasteko; horretarako ‘Duolingo’ aplikazioa daukat.

Eskerrak azkar irakurtzen den liburua (nahiz eta zati batzuk ez ulertu, valentzieraz daudelako), bestela amaitu gabe utziko nuke, nire bizitza osoan lehen aldiz. Baina amaitu egin dut eta burutik ezabatuko dut.

Ondorioz, ezin dut gomendatu Lizar Begoñaren liburu hau. Ea hurrengoa!

Gasteiz 9.5

Lizar Begoñaren ‘Gepardo japoniarrak’ (egilearen bigarren poesia liburua) gustatu zitzaidan, eta horregatik gogoz hartu nuen bere lehen eleberria ‘Mundu zitalaren kontra’.
Bi emakume dira eleberri honetako protagonistak: Bata Pilar da, Benidormeko egunkarien kiosko baten jabea. Bestea Bilboko neska bat da, eta berarekin lan egitea onartzen du, diru pixka bat ateratzeko.
Mundu zital honen aurkako jarrera dute biek. Lehenengoa, kioskoan lan egiteaz gain, gaixorik dagoen bere ahizpa Isabelez arduratu behar duelako. Bigarrena, bere benetako nortasuna aurkitzeko borrokan ari delako. Bien kontakizunetan oraina eta iragana nahasten dira, eta horrela hobeto ezagutzen ditugu bi pertsonaiak.
Deigarria iruditzen zait istorioa Benidormen garatzea, ez Sopelako idazleak Berrian dioen bezala “antiliterioko lekua delako”, baizik eta Benidormen (katalana edo valentziera) hitz egiten den hizkuntza eta ingeles pixka bat erabiltzeko aitzakia polita da. Liburuko atal asko katalanez edo valentzieraz daude titulatuta, eta liburua poema batekin amaitzen da, hizkuntza horretan. Hizkuntzak gustatzen zaizkigunontzat hori oso aberasgarria da.
Era berean, modu positiboan harritu nau liburua Miren Agur Meaberen ‘Hezurren erretura’ aipatzen hasi eta bukatzeak, protagonista itzulerako zein joaneko bidean irakurtzen ari baita.
Zoritxarrez, liburuaren amaieran, Pilarrek erretiroagatik kioskoa ixtea ez da metafora bat, errealitate gordinaren isla baizik. Gasteizen, 2017an kendu zituzten hiritik, eta ez dituzte berriro ireki.
Aurretik esandako guztiagatik, irakurtzea merezi duen liburua da, eta bere olerkietan ez ezik eleberrietan ere arrastoa jarraitu behar zaion idazlea da Lizar Begoña.