Aireportuko musika

1

Izenburua: Aireportuko musika
Idazlea: Luis Garde
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2020

2027ko urtarrilean EHASek, erakunde armatu ia ezezagun batek, bahitu du Leyre Olcoz, nafar politikari eskuindarra eta eragin handiko familia baten azken belaunaldiko kidea.

Ekintzaileek baimena eman diote Olcozi eskutitzak idazteko, hala Mireia Barros emazteari nola hainbat politikariri. Beraietako batzuk nafar alderdi erregionalistaren lagunak dira. Bestetzuk gobernu zentralaren goi karguak, beren esku dutenak EHASekin elkarrizketari ekitea edo irmotasunaren ildoari eustea.

2029an Koldo Lakarek jaso du bahiketaren inguruko agiritegi bat: telefono kontrolatu bidezko elkarrizketen transkripzioak, egunkari ebakinak, YouTube eta sareetatik hartutako berriak, bahituak gatibualdian idatzi gutunen kopiak. Dokumentu horiek irakurri ahala gertakarien berreraiketari ekin dio.

Bahiketak eraginiko interes kontrajarrien lehian talde eta gizaki orok dauka bere arrazoia, dela estatuarena, dela alderdiarena, dela afektuena. Hasieratik botereek, hedabideek, sareek heroi bilakatu dute bahituaren irudia. Gutunak dira Leyre Olcozek bere bizitzaren alde borrokatzeko daukan arma bakarra, gizartea heroi horren izenean heriotzaren alde lerratuz baitoa.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu ona Luis Garderen bigarrena. Poeta gisa ezagunagoa da Garde, baina bere lehenengo narratibako liburuarekin Euskadi saria iarabazi zuen. “Aireportuko musika” hau bere bigarrena da eta ez zen ustekaberik izango horrelako saria berriro irabazi balu.
Oso luzea da eleberria, laurehun orrialde baino gehiago, baina merezi du hain luzea izatea.
Erakunde armatu berri batek Leyre Olcoz nafar politikari erregionalista bahitu du eta, bi urte geroago, Leyreren bikotekideak prozesu osoaren kontakizuna egitea eskatzen dio Koldo Lakar narratzaileari.
Oso ondo harilkatuta dago argumentua, bahituaren eskutzitzak, telefono deien transkripzioak, eta narratzailearen gogorapenak tartekatuz. Horrela, interesa liburua amaitu arte mantentzen da eta hasieran bahiketa arrunt bat zena askoz gehiago izango dela ikusiko du irakurleak.
Oso ondo idatzita dago eta, beraz, gozamen handia izan da irakurketa. Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau. Ea Garderen hirugarrenak bide berari jarraitzen dion!