Ene baitan bizi da

4

Izenburua: Ene baitan bizi da
Idazlea: Maddi Ane Txoperena
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020

Aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenen gibeletik abiatzen da Marie, Donibane Lohizuneko gaztea, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena emanen, eta Mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen, xuxen… Kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak balira bezala jasoko ditu irakurleak Josefinaren gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak, Marieren begiradapetik. Askotariko istorioak gurutzatzen dira Maddi Ane Txoperena Iribarrenen lehen eleberrian: 1950.eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak… Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Eibar 101.1

Ezusteko ederra liburu hau, istorio sinpatiko batekin, agian prometegarriegia hasieran. Hizkera eder eta errazean, irakurketa arinekoa. Amatxiren eta bilobaren gaztaroen arteko konparazioa, biak ere Parisetik etorriak: amatxi baserri pobretik sortua, neskame jardun behar; eta biloba Parisen unibertsitate ikasketetan oporretara bueltan.

Lehenengoak bizitza ekonomikoki konplikatuan, ezin asko eskatu bizitzari, gehienez ere senar on bat. Biloba kaskarina, berriz, bera bakarrik bere bizitza “likidoa” konplikatzen, eta inoiz ez asebetea: ez maitasunean, ez lagunekin, ez parrandan.

Kritikatzekotan, kontu bat: pasa egiten da gazteriaren gaueko gehiegikeria ganoragabeak kontatzen, hasierako bilobarenganako sinpatia desagerraraziz. Aldiz, amatxiren istorioa oso pasadan kontatzen du, eta aita errefuxiatuarena aipatu soilik. Beharbada, idazlea lehen mundu horretan arrainak uretan bezala mugitzen delako, eta bigarrena urrunegi duelako.

Gasteiz 9.5

Testu honek bi istorio paralelo ditu. Batetik, amona Josefinarena eta, bestetik, haren biloba Marierena. Eleberria Paristik Donibane Lohizunerako bidaia batekin hasten da, eta Donibane Lohizunetik Parisera itzultzean amaitzen da. Bitartean, Mariek hiru hilabete eman ditu Iparraldean amonaren iragana ezagutzeko, Juleni ahaztu egin dio Montparnasseko geltokian ez zuela agur esan nahi izan, aitarekin topo egin du eta hainbat esperientzia bizi izan ditu.
Bai Josefina eta bai Marie Parisen bizi izan dira, baina oso modu ezberdinean: Josefina neskame bezala eta Marie ikasle gisa, logela propioa duela. Hala eta guztiz ere, Josefinaren bizitza oso zaila eta konplikazioz betea bada ere, Marierena ez da erraza. Lan bat aurkitu behar du uda horretan bizimodua atera ahal izateko, amaren haurdunaldia onartu behar du bikotekide berriarekin eta aitaren iragan politikoa onetsi behar du.

Hori guztia bost kapitulutan kontatzen du Hendaiako idazleak, esaldi laburrak eta elkarrizketa asko erabiliz. Liburua onomatopeiez ere beteta dago, kontakizunari sonoritate berezia ematen diotenak. Iparraldearen esapideak eta egiturak ugariak dira, baina horrek ez du irakurketa zailtzen, aitzitik, ulerkorragoa eta atseginagoa bihurtzen da.

Egilearen lehen eleberria den arren, ofizioa eta hizkuntza menderatzea nabari zaizkio. Horregatik gomendatzen dut hori irakurtzea.

Bilbo 54.3

Liburu polita Maddi Ane Txoperenaren lehenengoa. Frantses erderismo gutxi erabiltzen du eta, beraz, oso azkar irakurtzen da. Argumentua amatxi baten eta bere bilobaren bizitzetan datza. Uda batean elkartzen dira eta bataren iragana eta bestearen orainaldia tartekatzen dira kontakizunean.
Nahiz eta liburuak zapore gozo utzi amaieran, nire iritziz azkarregi amaitu du Maddi Anek istorioa, amatxiren bizitzari zuku osoa atera gabe. Hala ere, hori izan da idazlearen hautua eta errespetatu behar.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau, idazlea hasiberria eta Ipar Euskal Herrikoa delako, eta hango idazle gazteei beti lagundu behar diegu euren ibilbide literarioa jorratzen. Ea Maddi Ane Txoperenak arrakasta duen euskal literaturan!

Larraul 39.1

Bi belaunaldi, 2 mende, 2 gaztaro eta bizimodu, 2 garai ezberdin, 2 gizarte mota, 2 bizileku, bata baserri mundukoa , bestea hirikoa,….amona eta bilobarena.
Bien arteko paralelotasunak bilatzen.
Batak neskametza lanengatik eta besteak ikasketengatik hiriburura joko dute. Batak Hegoaldetik Iparraldera, besteak berriz, alderantzizko bidaia Iparraldetik Hegoaldera.
Bertako ohiturak, hizkuntza, kultura,… azalduz.
Hizkera oso polita eta aberatsa.
Irakurterreza eta atsegina.