Ez erran inori

3

Izenburua: Ez erran inori
Idazlea: Maddi Ane Txoperena
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022

Haurra zela sexu-abusu bat pairatu zuen Lidek, etxean bertan, Donapaleun. Gertakaria memoriaren zoko batean erdi baztertua eduki du urtetan, baina gaztaroan, Baionan bizi dela, trumilka datozkio irudiak gogora. Oroitzapenetik askatu nahian, sexura joko du ihesbide bila, drogara, plazerera, sorgortasunera… Baina Piztia hor da beti, eta ez du bakerik eman nahi.
Gai mingarria hautatu du Maddi Ane Txoperenak bere bigarren eleberria ontzeko, sarritan ezkutuan gorde nahi izan dena, tabuaren izarapean estali, baina mina sufritu duenak ezin ahantzi, isiltasunaren bidez ezin gizartearen zauriak itxi. Kontaketarako trebeziaz eta hizkuntzaren menderatzeaz gain, gaiaren gaineko ezagutza sakona eta sentiberatasun fina erakusten dizkigu egileak.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Getxo 50.1

Nahiko tabua den gaia ukitu du egileak. ‘Ene baitan bizi da’ gustura irakurri nuen eta, duda barik, nobela berria irakurtzeko irrikaz nengoen.

Aitortu behar dut oso apurka irakurri dudala. Batzuetan oso gogorra egin zait, nire buruak etenak behar zituen kontakizunari aurre egiteko. Hala ere, oso gustukoa izan dut eta ederto batean landu du sexu abusuen gaia. Poztekoa da gizartean tabuak diren gaiak idazle gazteeek horrela jorratzea.

Ez erran inori, irakurtzen zoazen heinean, zuk ere sekretua gorde behar duzula ematen du, Lideren paperean barneratzen zaitu.

Aipatzekoa euskara batua eta Lideren euskalkia nahastu dituela. Gutxitan jasotzen ditugu horrelakoak.

Liburua, erabat gomendagarria.

Bilbo 54.3

Bikaina, Maddi Ane Txoperenaren bigarren eleberri hau. Igartza saria eskuratu zuen liburu honekin eta oso merezita dauka saria.
Lide neskatoak sexu abusu bat jasan zuen bera baino nagusiagoa zen mutil baten aldetik eta abusu horrek orain kolpatzen du Lide, urte askotan memorian ezkutatuta egon eta gero.
Maisuki deskribatzen du Maddi Anek Lidek bizi duen barruko infernua eta horrek harrapatzen du irakurlea, guztiz.
Bestalde, oso ondo idatzita dago liburua, euskara batuan baina familiarteko euskalkia tartekatuz batzuetan, eta, oso gutxitan, frantsesezko esaldiak ere tartekatuz. Hori dela eta, nik jasan dut Iparraldeko irakurleek askotan pairatzen dutena.
Ondorioz, biziki gomendatzekoa da eleberri hau, sexu-abusuen gaia konplexurik gabe hartzeagatik eta maisuki deskribatzeagatik abusua jasan duenak sentitzen duena.
Zorionak, Maddi Ane!!!

Gasteiz 9.5

Duela bi urte Maddi Ane Txoperen Iribarrenek ‘Ene baitan bizi da’ bere lehen eleberria idatzi zuen. Gaia eta estiloa asko gustatu zitzaizkidan eta horregatik irakurri dut bigarrena, ‘Ez esan inori’. Hemen erabat aldatzen da erregistroz, eta oso modu sotilean kontatzen du pertsonaia nagusiak neskato bat zenean jasan zuen sexu-abusua. Izenburuak eleberriaren gaiari buruzko arrastoa ematen digu, Montxo Armendarizek 2011n film bat egin baitzuen gai berari buruz eta antzeko izenburuarekin: “Ez izan beldurrik”.

Oso adierazgarria da liburua Barbara abeslari frantsesaren ‘L’aigle noir’ (‘Arrano beltza’) abestiarekin amaitzea. Barbarak berak kontatu zuen abesti horrek aitak berarekin egindako sexu-abusuak azaltzen zituela.

Egileak emakumeei dagozkien zenbait gai aipatzen dituen pasarteak nabarmenduko nituzke, hala nola, hilekoak eta depilatzeko betebeharra. Horrela, 61. orrialdean irakur daiteke: “Hilekoak mina ere ematen dio: min zorrotz bat, sabelaren azpian. Eta horrelakoetan mundua gelditu bezala egiten zaio. Ezin du bertzerik pentsatu: mina, mina, mina”. Edo 64. orrialdean, Lideren bikotekidearen portaera maxista salatzen du, depilatu ez dela aurpegiratzen dionean. Hala ere, ez nago ados 49. orrialdean prostituzioari buruz dioenean. “Iruditzen zaidak prostituena ez dela izanen hain ofizio txarra”. Emakumeen salerosketa eta sexu-esplotazioa alde batera utzita, XXI. mendeko esklabotza-modu berria bihurtu baita.

Gaia oso gogorra eta mingarria den arren, Hendaiako idazleak modu delikatu eta sotilean kontatzen du, inolako morborik gabe. Ia ez du aipatzen abusua egin zion pertsona, baina eragin zion kalte izugarria islatzen du. Horretarako, oso hizkera lehor eta zuzena erabiltzen du esaldi laburrekin, ia ez dago adjektiborik. Horregatik guztiagatik, oso liburu ausarta eta beharrezkoa iruditzen zait.