Izenburua: Amatu
Idazlea: Maite Lopez Las Heras
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2022
Ama izateak zer esan nahi duen galdegiten hasi nintzaion neure buruari haurdun nengoela jakin orduko. Eta haren atzetik etorri zen galdera-sorta ez da gaur-gaurkoz oraindik gelditu. Emakumea noiz amatzen den itaunka jardun izan dut sarritan. Baita amatzeak balizko esanahi unibertsala ote zuen beldurrez igaro ere erditu aurretiko zein ondorengo hilabete luze asko.
Ama bihurtzeak homogeneizatzen omen zaitu, eta horren ikarak eragindako aseezintasunak sortutako liburua da hau. Lehen begiratuan amagai batek bere baitara bilduta bizitako hausnarketaren emaitza dirudien honek, egungo gizarteak ama den edo izango den emakumearengan duen eragina azaleratzen du, betiere gogoetak egiazkoak baina ez nahitaez egia absolutua direla.
Saiakera interesgarria eta oso erraz ulertzen dena, Maitek eskaintzen diguna.
Bi zatitan banatu du liburua: haurdunaldia (Aurretik) eta erditu ondorengo (Ondoren) hilabeteetako gogoetekin. Kapitulu motzez osatua dagoenez, edozein momentutan irakur daiteke: oherakoan, norbaiten zain zaudenean…
Azalpen zehatzak eta kritika zuzenak egiten ditu, sasijakintsuen iritziak eta epaitua izatearen sentipena salatuz.
Bere iritzi batzuekin ez dut bat egiten, bereziki aita garenoi egiten dizkigun kritikekin (Epilogoko 143-144. orriak), baina beste hainbatetan identifikatuta sentitu naiz (guraso berrien ezjakintasun eta beldurrak, parkeko egonaldi aspergarriak…), eta neure buruari galdera deserosoak egiteko balio izan dit.
Beraz edozeinentzat gomendagarria, eta guraso berrientzat beharrezko liburua.
‘Amatu’ ez da amatasunaren gainean euskaraz idatzitako lehen liburua. 1999an Arantxa Iturbek ‘Ai ama’ idatzi zuen, eta aurten bertan Estitxu Fernandezek eta Erika Lagomak ‘M ama* eme* ume*’argitaratu dute.
Liburua bi zatitan banatuta dago: ‘Aurretik’ eta ‘Ondoren’, hau da, erditu aurretik eta erditu ondoren. Ama izateak zer esan nahi duen eta zer suposatzen duen, galdera horiei erantzuten saiatzen da. Testua emakume bat ama izatera bultzatzen duten arrazoiak deskribatuz hasten da: presio soziala, hilezkor sentitzea eta ama titulua jasotzea.
Egilearen arabera, une horretatik aurrera zure bizitza aldatu egingo da eta mundu guztiarentzat ama izango zara, “guztiak berdinak izango balira bezala”, 35.orrialdean López de la Herasek esaten duen moduan.”Ama bakoitzak egiten du bere amatasuna. Ama bakoitzak eraikitzen bere amatasuna. Bakoitzak bere erara. Amatasuna, zerbait bada, mutiformea delako”, 145.orrialdean.
Azkoitiko egileak kritikatzen du eta ez dago ados beti egiten den galderarekin: neska ala mutila. Haren arabera, galdera binarioa da eta konnotazio sexistak ditu. Horretan bat dator Judith Butler filosofo iparramerikarrarekin, zeinak salatzen duen heterosexualitateak inposatzen digun araudi batek markatuta jaiotzen garela, zeinaren bidez soilik gizona edo emakumea baikara. Eta hau betiko. Errealitatea askoz korapilatsuagoa da.
Oso interesgarria iruditzen zait hizkuntzalaritzari buruzko atala, erditu aditza izan eta ez eduki aditzarekin jokatu beharko litzatekeela planteatzen duena. Esan beharko litzateke: haurtxo bat erditu dut eta ez haurtxo batez erditu naiz.
Azkenean, egileak kexa azaldu du aitatasunari buruzko liburu gutxi daudelako. “Gizonezkoek beren aitatasunari buruz idaztea beharrezkotzat ez hartzea oso esangurutsua da”, 143.orrialdean.
Liburuari aurkitzen diodan akats bakarra da idazleak ez duela behar beste berretsi amatasunak amei dakarkien bizitza-aldaketa absolutua. Egiaztatu dut emakume profesionalek eta politikoki konprometitutako emakumeek, ama direnean, dena uzten dutela ama izateko bakarrik. Hala eta guztiz ere, oso liburu aberasgarria da, eta gomendatuko nieke ez bakarrik amei, baita emakume eta gizon guztiei ere.