Ezer ez da dirudiena

1

Izenburua: Ezer ez da dirudiena
Idazlea: Maribel Aiertza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2021

Van Gogh margolari ospetsuaren ezkerreko belarria ikusgai jarri duen erakusketa; museoko lorezainak lapurturiko grabatuaren ezkutalekuan agertutako hilotzaren kasua; Gabonetako jaiotzak museora garraiatzean, bi tarantulek sorturiko nahasmena eta deskalabrua; koadro baten aurrean musean jolasean aurkitu eta ospitaleratutako aitonaren istorioa; mutil-lagunaren hitzordura joanda grafitigile talde batekin eta guardia zibilarekin endredatzen den neskaren abenturak eta desbenturak? Artea gai eta giro, zortzi narrazio hauetako narratzaileak eta protagonistek ertz ezberdinetatik arakatuz artearen paisaia fisiko eta emozionalak bistaratuko dituzte. Artean ezer ez da dirudiena eta (ez) dirudien horrekin jolasten den gisa artista jolastu da idazlea, fikzioa eta errealitatearen arteko jolasa eta ariketa literarioa uztartuz, margolari baten gisa, paleta koloretsua eskaintzeko irakurleari. Artearen eta sormenaren paisaiak zabalak eta kolore anitzak direlako, bertan bizi diren pertsonaiak bezala.

Subscribe
Notify of
guest
1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.5

Liburu hau zortzi narraziok osatzen dute: denak arteari buruzkoak dira, baina denak ezberdinak dira.

Lehenengoa, ‘Belarria’ delakoa, New Yorkeko MoMA Museoan gertatzen da. Operazio logistiko delikatua da. Izan ere, Van Gohen margolan bat ekarri behar dute Holandatik Manhattango heliportura, baina inaugurazio egunean konturatzen dira ez dagoela koadrorik, belarri bat baizik.

Bigarrenean, ‘Grafitibirusa’ izenekoan, grafitigileen jarrera sexista kritikatzen da. Honela irakur dezakegu 29. orrialdean: “Mahastietako Geltoki Zaharreko tren historikoaren grafitiaren egilea bilatzen da”. Hala ere, egilea Ainhoa izeneko emakume bat da, istorioaren protagonistetako bat.

Hirugarrena museoko zaindari baten ikuspuntutik idatzita dago. Ikus dezakegu bere lanbidea nahiko estresagarria eta tentsioz betea dela, pertsonaia nagusiak burua galdu baitu eta komisaldegian amaitzen baitu.

‘Lapurreta’ narrazioan protagonistak bi ikasle dira: gau batean museo batean giltzapetuta geratzen dira eta lapurreta bat leporatzen diete.

Ez dut gainerako narrazioak laburbiltzen jarraituko, lana irakurleari utziko diot, idazleak gehienetan erabiltzen duen tonu ironiko eta umoretsuaz jabetuko baita. Nabari da egileak artearen mundua menderatzen eta ulertzen duela. Horregatik, liburu hau ez da bakarrik Rothko, Niri Levav edo Natsumi Tomita bezalako margolarien koadroak gogoratuz gozatzen dutenentzat, baita euskararekin gozatzen dutenentzat ere, modu erraz, ulergarri eta erakargarrian idatzita baitago.