Izenburua: Kezko bola batek itoak birikak
Idazlea: Miel A. Elustondo
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2019
Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko I. (H)Ilbeltza bekaren irabazlea
Zerk eraman zuen Helena Tiucalerat? Nor zer Amerika izeneko kubatarra? Zergatik elkartu ziren 3.546 arima bertzerik ez zuen Guatemalako herri txiki hartan? Eta Ñana, nor zen Ñana? Nolatan bukatuko zuten Ñanak eta Helenak Iruñean?
Zer galdu zitzaion Garbiñeri Dakotan, Pine Ridge lakoten erreserban? Zerk lotzen zuen Johnny Douglas Euskal Herriarekin?
Eta On Jaime? Zer darabilkio On Jaimeri buruan?
Gurutzatzen diren bideak eta gurutzatzen diren munduak. Latinoamerikatik Nafarroako geografia, bertzeak bertze, zeharkatzera eramanen gaituen istorioa da honakoa. Euskara, literatura, sikarioak, ustelkeria… giro beltzezko eleberri eder askoan.
-Amerika, zenbat balio du inoren biziak Tiucalen? -galdegin dio emakumeak.
Eta Baztanen?
Oso liburu nahasia Miel A. Elustondoren hau. (H)ilbeltza beka lortu zuen, literatura beltza sustatzeko, baina ez dut uste asko sustatu denik literatura beltza liburu honekin, ez diodalako funts askorik ikusi liburuari. Eleberria hasten da Guatemalarako Helenaren bidaiarekin, sikario bat (Ñaña) ekartzeko, On Jaimeren aginduz, eta hari nagusi horrekin beste hari batzuk nahasten dira: Johnny Douglassen etorrera Euskal Herrira, bere aitaren errautsak aireratzeko; Arantza Urretabizkaiaren egonaldia Baztanen, mutil-dantzaren arazoa aztertzeko; Gergorioren kontakizuna, Aroztegiaren ustelkeriari buruz; etab. Hari hori guztiek hari nagusia estaltzen eta ahanztarazten dute, garrantzi osoa galtzeraino. Ondorioz, interesa galtzen da eta eleberri beltz honek galdu egiten du berezkoa duen beltz kolore hori.
Beste aldetik, irakurketa astuna egin zait nafarrerazko hitz eta esamolde ilun asko erabiltzen direlako, eta etengabe ari izan naiz desiratzen amaiera heltzea, liburua gordetzeko.
Beraz, ezin dut liburu hau gomendatu. Ea hurrengoa!