Izenburua: Ospitalekoak
Idazlea: Mikel Antza
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2010
Mikel Antzak bi ipuin liburu eta antzerki obra bat argitaratu zituen 80etan, baita zenbait itzulpen ere: Peter Handke, Daniil Kharms, Paul Eluard… edo Jean Geneten bi pieza garratz. Hogeitaka urte geroago dakar orain bere lehendabiziko nobela, Fresnes espetxean idatzitako hau.
Preso bat neskalagunari idazten ari zaio kartzela-ospitaletik, egoera hain makurrera nola iritsi den azaltzen, kontakizunak aurrera egin ahala gertakari estrainio eta ezustekoen kate bat bihurtzeraino.
Tinko lotuko zaio narrazioari, biziraupenaren arrazoi eta kausa ia bakar horixe duela. Gauaren erdian esnatuko da, bururatu zaion esaldi edo pasadizo bat zirriborratzeko, bere azken hitzak balira bezala, biharko egunak zer zapokeria ekarriko dion asmatu ezinik.
Oroitzapen eta sentiera barnekoiz bustitako eleberria duzu, gatibutasunari buruzko kronika zorrotz trenkatua, orobat ihes eta iibertate desiraren aldarria.
Kartzela giroak askorako eman dezake. Zinemaren historian Cadena Perpetua edo La Milla Verde bezalako pelikulak askoren burmuinean geratu dira ematen duten mezuarengatik: bizitzaren injustiziaz (egia da azkenak agian toke fantastiko bat ematen diola protagonista beltzaren botere magikoekin baina azken finean hunkitzen duen pelikula bat da). 2010eko Goya sarietan saridun handienetakoak ere gai hortaz jarduten zuen, Luis Tosarrek protagonizatutako Celda 211 hain zuzen ere. Mikel Antza idazleak bere ikuspuntua ematen digu kartzela bateko ospitale batetik liburu honetan.
Lehen pertsonan dagoen kontakizuna da. Preso bat kartzela-ospitale batean dagoela aipatzen du eta nola istripu txiki baten ondoren eta zenbait ezbehar geroago leku horretara iritsi den. Idazten duen bitartean zenbait gogoeta egiten ditu hainbat gaiei buruz, adibidez, idaztea edo borroka zertarako merezi duen. Idazten ari dela iraganeko pasarteak ere gogoratzen ditu eta aldi berean beste preso batzuen istorioak kontatu. Bidean aurkituko du 30eko Espainiako Guda Zibila bizitutako agure bat.
Idatzia ezustekoz beterik dago. Toke fantastikoak edo fikziozkoak ere baditu. Momentu horiek dira istorioa errealitatetik aldentzen dutenak. Baina orokorrean nahiko ondo dago, ez baita erraza horrelako gai bati buruz idaztea. Nabari da barrutik idatzia dela. Bizi egin behar da errealitate hori kartzelari buruz txukun idatzi nahi bada. Ziur bigarren irakurketa batean lehen irakurketan atera ez diren hainbat gauza azaleraziko direla.
Irakurri berri dut liburua eta aitortu behar dut ez dela guztiz nire gustukoa izan. Nahiko motela deritzot kontaketari, nahiz bere alderdi onak ere izan, besteak beste hitanoaren erabilera. Ez nuen horrelakoa espero kontakizuna, zerbait biziagoa espero bainuen.
Oso arin harrapatu nau eleberri honek, lehen orrietan. Baina, agian lehen atalek gauza asko iradokitzen zizkidatelako, liburuaren bigarren zatian ez dut aurkitu nik espero nuena, eta apur bat dezepzionatu egin nau amaierak. Dena dela, autoreak jakin du kartzelako bizimodua transmititzen.
Irakurri, gozatu eta pentsatzeko
Jakin-minak eraman ninduen liburu hau aukeratzera: Mikel Antza nor eta zer den jakinda, kartzelaz zer esango zuen jakiteko gogoak. Azalaren tonu marroixka ilunak eta aulki gurpildun nobela ilun eta ezkorra izango zela pentsarazi zidaten, baina, ez; kritikaz eta etsipenaz gain, baditu nobela honek pasarte gogoangarriak. Hain boladan dagoen autofikzioa izango den zalantza sortu dit kronikaz osatutako nobela honek. Kronika hauetan zenbait lagun ezagutuko ditugu: Dimitri, Christophe, Xabier…
Nik gustura irakurri dut, harrapatu egin nau eta zer pentsatua ere sortu dit zenbaitetan.
Mikel Antzaren liburu hori kartzela-literatura generoan sartzen dela esan genezake. Antzak bere ziegan edo berantago kartzela-ospitaleko gelan sarrarazten gaitu. Hango bizi baldintzak hurbiletik ezagutzen ditugu: presondegian sartuz gero transformazio prozesuetaz ohartzen gara; idazleak “harea mugikorra,…. Infernurako tresna” presondegia izendatzen du azalduz nola preso batzuk egoera hau jasan ezinik buru-hilketak hautatzen dituzten. Kartzelari buruzko hausnarketa sakonak emaiten dizkigu: presoen edo preso gaixoen hierarkia nahi eta nahi ez onartu eta errespetatu behar dela. Bere burua “bizirik hobitaratua” ikusten duelarik, itotzear bada ere, ez da hondoratzen. Bere baitan idazteko beharra baitu eta horri esker berriz arnas egiten du; munduarekiko “zilbor hestea” mantentzen du, “mamuengandik ihes eginik”. Erreakzio honekin batera literatur orri eder-ederrak emaiten dizkigu.
Liburu oso gogorra, hunkigarria daukagu baina idazleak ez du sekulan ahuen egiten. Eta aitortzen duelarik “hitzen bidezko magia horrek liluratzen nau”, esan dezakegu, zalantzarik gabe, bere hitzek gu ere liluratzen gaituztela.
Lagun bati aholkatu niolarik, galdetu zidan polita? ez, erantzun nion, gordina. Tristea orduan? eta ez erantzun nion berriz ere, ez dit tristeziarik biziarazi. Egoera da gogorra, eta kontatzean agerian uzten duen adoreak harritu nau. Hunkitu nau. Zer pentsa asko ematen duen liburua da. Orrialdeak itxi arren oroimena, irudiak zabalik uzten dituena. Errazegi ahanzten dugun edo ez ikustea nahiago dugun errealitatearen pareta zartatzen duena. Esaldi eta filosofi aberatsez blai: Ai zer bizi lezioa!
Oso liburu interesgarria da Mikel Antzaren azkena. Alde autobiografikoak eta literarioak nahastuta dauden liburu honetan ez da interesa galtzen irakurketa amaitu arte. Idazkera oso txukuna eta dotorea da, baina horrek ez du batere zailtzen irakurketa. Bere aurreko “lanbideari” buruzko laudorioak alde batean utzita, oso gomendagarria da liburua.