Izenburua: Alkasoroko benta
Idazlea: Mikel Taberna
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2013
Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro. Denetik saltzen da hango bentan, eskuinean baitauka denda eta ezker aldean taberna; beraz, handik igarotzen dira biztanle guztiak, oraintxe ez bada geroago. Bentako semea da Martin Irazoki, nobela honen kontalaria, 50eko hamarkada amaieran jaioa, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta gisa horretan herri oso baten erretratua.
Gazteek mundu berri bat deskubrituko dute pixkanaka. Aurrena eskolara Irunera joandakoan, biluzizko aldizkariak erositakoan, lehen musuak ematean. Eta gero Iruñean, unibertsitatera iritsi orduko: grebak eta manifak, kontzientzia politikoa, ikurrina… 1975eko garaiak lerden bizi izan zituen belaunaldiaren kezkak eta ibiliak kontatzen ditu nobelak, mundu zaharretik nola igarotzera doazen bestelako baterantz, baina zeinen trantze gordina suertatuko den, bidea urratzean bortizkeriarekin topo egingo baitute aurrez aurre.
Alkasoroko herriko biztanle baten urratsei jarraitzen diegu jaiotzatik; haurtzaroa, nerabetasuna, Iruñeko Unibertsitatean ikaslea… bere lagunak ezagutzen ditugu eta jarduerak ere bai: arrantza, futbola, bestak. Idazleak haranaren giroa ondo sentiarazten du, norberaren grinak ala pozak azalduz. Kapitulu bakotxak nobela labur baten antza badauka ere, batetik bertzera Martinek -protagonista nagusiak- lotura egiten du. Munduko, estatuko zurrumurruak oso apal datoz herri honetarat.
Halere, ustekabean, politika arazoak Alkasoro herria gogorki inarrosiko dute.
Liluratu nau liburu honek, nafar hizkuntza atseginez idatzia. Gomendatzekoa da.
Fikzioa eta kontu autobiografikoak tartekatzen dituen liburu hau interesgarria iruditu zait. Frankismoaren azken urteetan eta Nafarroako iparraldean kokatu duen Alkasoro herrixkan gertatzen dira Tabernak asmatutako istorioak, egiatik asko dutenak. Izan ere, lehen unean, badirudi oroitzapen liburu bat dela, berak bizitakoak gureganatzen dituena: gazte denborak, neskekin izan zituen lehen harremanak, futbol partiduak inguruko herrietako gazteen kontra, herriko pertsonaia berezien nondik norakoak, Iruñea ikastera joan izana, eta abar. Dena oso sinesgarria da eta euskara aberatsean deskribatu du. Hala ere, azken atalak agerian uzten du ezin dela osorik autobiografkoa izan, zorionez. Oso erraza da kontatzen dituen gauza batzuekin identifikatzea, batez ere mende erdia bete dugunontzat. Benetan zirraragarria Guardia Zibilaren harrotasuna eta jokaera horren ondorioz gertatu ziren zoritxarrak islatzen dituen pasarte luzea. Guztiz gomendagarria.
Oso liburu ederra Mikel Tabernaren hau. Istorioa bikaina da. Kontatzen diguna guztiz sinesgarria da, nahiz eta fikzioa izan, eta maisuki harilkatuta dago dena. Martin narratzailea pertsonaia nagusia izanarren, eleberri korala da, makina bat pertsonaiarekin, eta batzuetan zaila da nor den nor gogoratzen, baina hori gutxienekoa da hain eleberri on baten barnean.
Bestalde, Tabernak erabiltzen duen euskara guztiz ederra da. Nahiz eta askotan euskara batuan ezezagunak diren hitzak agertu liburuan, gozagarria izan da horren euskara desberdin eta aberatsa irakurtzea. Beraz, irakurketa ez da batere nekeza izan, kontrakoa baizik.
Ondorioz, guztiz gomendagarria da liburu hau, niretzat oso ustekabe ona izan dena.
Ze erratea nahi duzue, hemen bertakoa izanik?
Ba ikaragarri HURBILA, GUREA eta GOXOA iduritu zaidala kontakizuna.
Hurbila, zeren liburuan hor kontatu ahala, azaltzen diren parajeak, paisajeak eta giza pausajeak ikusi egiten ditudan, gure gazte garaietan bizitutako parajeak eta paisajeak eta pausajeak baidira (Ez al zaizu gerta inoiz, norbait atzetik ikusi eta pausajeatik antzematea nor den? Ba halako zerbait).
GUREA, zeren euskaldun orok ulertzeko moduko euskaran idatzia izan arren, Lesaka eta Berako hainbat erranera eta ñabarrena ageri diren (gure gazte garaietakoak hok ere; orain galduxeak –erranerak eta gure garaiak :-).
GOXOA: atsegina, erraz irakurtzen den horietakoa izaki, inolako emozio ittolarririk gabe, baina entretenigarria, pollita eta euskaraz, eta horrekin aski (niretzat, duiztenaz).