Kristalezko begi bat

5

Izenburua: Kristalezko begi bat
Idazlea: Miren Agur Meabe
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2013
111 Akademiaren Saria 2013

Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da. Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: “Begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago…”.

Subscribe
Notify of
guest

5 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Andoain 25.4

Galerek barruan sortu diotena erakusten digu idazleak liburu honetan, era gordinean erakutsi ere. Oso egiazko dirudien biluzte hori egin ondoren, bukaeran galdera ere luzatzen dio irakurleari: “Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?”. Ba bai, oso sinesgarri eta hunkigarri egin zait bere kontakizuna. Hala ere, galdutako begiaren gaiari leku gehiegi eman diola iruditu zait. Gure barrukoaren islada ikusteko ispilua eskaintzen digu idazleak, idazteko abileziaz, hizkuntz maila aberatsez. Gomendagarria.

Alegia 41.1

Oso gustura irakurri dut liburua. Norberaren bizipenak, bai onak bai txarrak, bakoitzak ditugun maniak, eguneroko bizitzan amorrarazten edo arrazoirik gabe haserrarazten gaituzten gaiak oso era naturalean eta itxurak gorde beharrik gabe azaltzen ditu. Zenbait unetan nahiko identifikatuta ere sentitu naiz. Bestalde, eta konturatu gabe, ezaugarri fisiko nabarmenen bat dutenei nola begiratzen zaien pentsarazteko eta jarrera aldatzeko ere baliagarria dela deritzot. Gurasoak makaltzen direnean sortzen diren gorabehera eta sentimenduak ere oso ondo islatzen ditu. Gainera, atal edo kapitulu motzak dituenez, irakurterraza egiten da eta haria galdu gabe irakur daiteke. Benetan interesgarria.

Eibar 101.2

Pintoreak autorretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da, tarteka ironiazko zertzeladez gozatua.
Gustatu zaizkit:
– Sentimenduen sakonera eta sakontasun hori azaleratzeko bide egoki, garbi eta eraginkorra.
– Estilo ariketa. Hizkera eta estilo berezi/landu/pertsonala sortzeko ahalegin ondo betea.
– Ironia dosi egokiak.
– Kapituluen luzera (edo laburrera), ipuin edo poema tankerakoak, asko.
– Parrafo batzuen maisutasun sendoa. Borobilak.
– Kapitulu jakin batzuk, adibidez: “Autoerretratua” deskripzio-ariketa bikaina; “Itzalak” poema narratibo metaforiko ederra; “Gaztatxo kaxaren teoria” iradokitzailea; “Orbainak eta beste” mingarria; “Hildakoen begiak” hunkigarria; “One star” paradisiakoa.
Ez horrenbeste:
– Biluztu behar horrek, batzuetan, deseroro samar sentiarazi nau. Hondartzatik kanpo norbait larrutsik ikusten duzunean bezala; are gehiago adin batetik gorakoa bada (barkatuko dit ia adinkide dudan Meibik). Ziurrenik, norbere orbanak ispiluan ikusteak ez digulako, askotan, graziarik egiten.
– Tarteka errepikakor samarra iruditu zait. Tarteka. Sekula ez aspertzeraino, inolaz ere.
– Off-topic batzuk (esate baterako 126. orrialdekoa).
Laburbilduz: gustatu zait. Dexente. Asko. Merezi du, gutxienez. Bai. Berezia ere bada euskal letretan. Eta, agian, 2013ko Euskadi Saria izango da. Ez da urruti ibiliko.

Bilbo 54.3

Liburu berezia da Miren Agur Meaberen hau. Bi zati ditu, nahiz eta nahastuta egon biak: kristalezko begiarena eta idazlearen bizitzarena. Azken honetan hainbat egoera sartzen dira: amodioak, desamodioak, familia, lagunak, etab. Egia esan, krsitalezko begien arloa asko interesatu zait, niretzat guztiz ezezaguna baitzen (ez nekien okularistarik zegoenik), baina bestearekin, garrantzitsuena denarekin, asko aspertu naiz. Eskerrak kapituluak laburrak izan diren. Ez dut ukatuko Meaberen idazkera txukuna eta jasoa dela, baina argumentuak ez nau batere harrapatu. Beraz, ezin esan gozatu dudala liburu honekin, gehienetan falta zitzaizkidan orriak zenbatzen pasatu dudalako denbora, irakurtzen ari nintzen bitartean. Laburbilduz, ezin gomendatu liburu hau.

Gasteiz 9.5

Badira bi urte Miren Agur Meaberen olerkiaren gaineko liburua, “Azalaren kodea” izenekoa, irakurri nuela. Liluratuta geratu nintzen hurrengo hau irakurtzean:

“Bestelako kodea aldarrikatu nahi dut
hitzarena ez bezalako kodea,
hizkera ez-hitzezkoa,
oroimenean kondenatu ezineko lengoaia,
zinak gezurta ditzakeen berbakera,
erreklamazio-libururik eta
tarifa-zerrendarik gabeko mintza mutua…”

Hori dela eta irrikan nengoen bere liburu berria leitzeko: ”Kristalezko begi bat”. Aitortu behar dut testuaren hasieran galduegi nengoela. Izan ere, ez nekien nola definitu: ez zen eleberria ezta saiakera ere Montaignek asmatutako genero literarioa. Baina, amaitu bezain laster oso liburu borobila iruditu zait, kontakizun autobiografiko gisa definituko nuke.