Begiak zerumugan

1

Izenburua: Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020

Urteak bete dituzten arren, adinez zahartu gabe, haurtzaroko ahotsei, soinuei, paisaiei antzematen jarraitzen dieten irakurleei idatzi dizkie Miren Agurrek poema hauek, bere haurtzaroko ahots, soinu eta paisaiak gogoan, begiak zerumugan jarrita, Ane Pikazaren paisaiak eta koloreak lagun.

Haize-arrosa batek gidatutako bidaia proposatzen digu, bidean aurkitzen duen paisaia oro sentimendu bihurtuz. Jolas batean bezala, poemetako bakoitzari darion musikari jarraituz, osatuko du irakurleak poema-liburu honen pentagrama, behin eta berriz, irakurria izan dadin. Poemen musikak harrapatuta, beren doinu ezti eta askeak liluratuta eramango du irakurlea azken poemara.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
1 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Donostia 47.3

Asko gustatu zait poema-liburu hau: ezpainetan ahamen eta bihotzean dastamen da. Poemekin batera, orrialde zenbaiten azpiko aldean baditu ere haiku moduko esaldi batzuk, oso ederrak, ematen dutenak bertsolariek bertso-bukaerarako uzten duten sorpresa, eztena… Hona batzuk:
Dolua: oroimenaren ulua.
Ikusi eta ikasi: ohial bera eta bi artazi.
Abentura: gutun-azal bat, barruan lilura.
Liburua bidaia gisara dago planteatuta, eta azken poeman bidaiaren laburpena egiten du. Bukatzen du esanez “Eta non asetu nuen egarria? Ez zerumugan, ez, ibilketan baizik. Biluzik, esku hutsik, sarritan ortozik… mendeko eginez neure geografiak”.
Nago bidaia hori bizitza bera ez ote den, eta idazleak bizitzaren azpildurak jartzen dizkigu agerian bere galbahetik iragazita: “Nire izenaren nota zer da? Portuan loturiko txalupen balada. Baina zure izenaren zazpi notak dira: bihotza esnatzen zidan txistu-kalejira”.
Edo beste hau: “Sekretu bat da kuku bat, mihiaren puntan pausatua. Kuku-kiku ari da, kiku-kuku kurika. Eta ai ene! Eta ai ama! Ihes egin dit ia-ia!”
Horrelako sopresa ederrez beteta dator liburua, eta bukaeran badu ezuste polit bat, hormairudi zabalgarri bat. Eta irudian dago etxe bat, jaiotetxea agian, eta haize-arrosa, eta bideko beste pasabide batzuk, beste etxe batzuk, eta bidaia egiten behor-itxurako anderea, eta anderearen ondoan giltza bat daraman sugea, liburuaren azaleko andereak daraman giltza bera, zerumuga bidean.
Liburua erosi nuenean pentsatu nuen: “Begira, helduentzako euskal literaturan ere eskaintzen dira hormirudi hori bezalako perlak. Hormairudia zabaltzean ematen du irakurleari gonbita egiten zaiola bere bidean aurrera egitea”. Ederra!
Ederra, baina hara non irakurtzen diodan idazleari liburua osatu duela haur eta gazteentzat pentsatuta zeuzkan testuekin. Kontxo! Ondo dago hain liburu aparta haur eta gazteei eskaini nahi izatea, baina sekula ez dut ahaztuko behin idazle batek esan zidana, alegia euskarazko esaera zahar askok ez zutela balio hiriko haur eta gazteentzat, nekazari-giro hori urrunegi gelditzen zitzaielako. Eta liburu honetan nekazari-giroa esatea gehiegi esatea izango da, baina nahi baduzue natura, txori-izenak, arbolenak eta abar, borborka ari da. Eta nire kezka da ez ote zaien haur eta gazte askori urrunegi geratzen natura, eta ez ote dien urruntasun horrek bultzatuko liburua baztertzera: “Arranoa eta txonta ditut estimuan, belea eta txepetxa ditudan moduan”. Bideo-jolasekin lepo eginda dauden haur eta gazteek zer pentsatuko ote dute horrelako esaldiez? Nik egin dut aproba etxean, utzi diet liburua zoragarria dela iritzita ordenagailuaren ondoan, eta ez dute ezta zabaldu ere egin. Irakurri diet pare bat poema: alferrik! Ez dut etsitzen, baina a ze lanak! Eztia eskaini nahi, eta Bilintxi bezala liburuari: “Ni zurekin ja jai”.