Izenburua: Argialdiak
Idazlea: Miriam Luki
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2023
Ogiaren usaina eta izuarena. Hitzen pisua eta iraganarena. Nola eraman guztiak gorputz bakarrean? Zer esan merezi izan ote duen jakin nahi duenari eta zer prestatu azkena izango den afari handirako? Noraino garen ahizpa eta zenbat gehiago iraun dezakeen ihartzen utzitako laguntasunak; zenbat trago izango ziren denera, zenbat airean kiskalitako hegazkinak. Gisa horretako galderak dabiltza Miriam Lukiren estreinako ipuin liburuko protagonisten buruetan. Maitale, lagun, senide zein klase arteko harremanen ertzak behatu ditu idazleak bederatzi kontakizun hauetan, nola, isiltzearen isiltzez, zerbait pitzatzen den azkenean eta tartetik argi-zirrinta bat sartu, joan edo geratu, ezinbestean erabaki behar ez dela ohartuz.
Miriam Lukiren liburua bederatzi ipuinez osatuta dago; denak ezberdinak diren arren, bakoitzak azken sorpresa bat dauka. Protagonistak emakume helduak dira eta, bizitzako une batean, argia ikusi dute. Izenburuak aipatzen du argia, eta horrek haien bizitza aldatzen du.
Lehenengoan, ‘Nora’ izenekoan, deskribapenak ugariak dira, eta okindegi batean gertatzen da ekintza. Bigarren ipuinean, ‘Lau hankan’, Ernestina da protagonista, albiste ez oso ona jasotzen duen garbiketako emakumea. ‘Inbasioa’ izenekoak ukitu kimerikoa du, pertsonaia nagusiak bere burua hitzek inbaditu dutela ikusten baitu.
Gehien gustatu zaizkidanak ‘Bi dei’, ‘Soufflea’ eta ‘Argialdia’ izan dira: lehenengoa, protagonistak kartzelara egin duen bidaia kontatzen duelako, atxilotu duten laguna bisitatzera; bigarrena, Caravaggioren ‘Judith eta Holofernes’ margolanaaipatzeko moduagatik, badirudi ez duela zerikusirik pertsonaia nagusia egiten ari den sufflearekin; eta hirugarrena, liburuaren tonua “in crescendo” joan delako eta ipuin hau kolofoia delako, gehien hunkitu nauena.
Idazkeraren aldetik, badirudi ez duela ezer kontatzen, hori da liburu honen ezaugarri nagusia. Miriam Lukik nahiago du dena ez kontatu eta irakurleari hura aurkitzen utzi. Istorio guztiak oso landuta eta eraikita daudela nabaritzen da. Estiloa sinplea bada ere, inolako artifiziorik gabea, atzean lan asko dagoela ikusten da.
Liburu ona Miriam Lukiren lehenengo hau. Bederatzi ipuin ditu eta gehienak onak irudi zaizkit. Txiripaz heldu naiz liburu honetara eta ustekabea izan da irakurketa. Uste dut Miriamek idazle-lana serio hartzen badu arrakasta lor dezakeela.
Gozatu egin dut, beraz, ipuin labur hauen irakurketarekin eta gustatuko litzaidake bigarren liburu bat azkar heltzea, liburu honetan agertzen denak jarraipena duen ala ez konprobatu ahal izateko.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.