Izenburua: Xalbador
Idazlea: Mixel Itzaina
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2014
Lehen aldian kantatzen entzun nuenetik eta betikotz isildu zen arte, Xalbadorren bertsoak, beti edo gehienetan, lilura batean sartu nau.
Liburu hontan entseatu naiz lilura horren zergatia nondik zetorren edo datorren aztertzera. Bi Xalbador badira, bat-bateko bertsolaria lehena, bertso idatzietakoa bertzea. Bat-bateko bertso horietarik asko ezagunak dira. Badira horietan Amuritzak «Bat-bateko mirakuluak» deitu dituenak. Irakurleak horietarik zenbait aurkituko ditu liburu hontan. Bainan bertso idatzietan ere maixu agertu da Xalbador. Odolaren Mintzoa liburua hor dugu lekuko. «Gosta gabe deusik ez» kapituluan, liburu hortako eskuizkribuak eskutan izanez, erakusten dut nola gure Urepeldarrak bertsoaren lehen bertsio hura hobetzen zuen, mail gorenean ematen. Hona adibide bat «Amentsetan » titulutzat daukan kantutik hartua. Lehenik emana zuen: «Bainan ene bi maitalariak, ene garrasien gatik, beren bihotzen berri emaiten ari ziren ahapetik…»; bigarren bertsioan eman du «beren bihotzen besta goresten ari ziren ahapetik!» Datu bat baizik ez zena (berri emaitea), bihotzen besta goresgarria bilakatu da. Hor ikusten da nolakoa den Xalbadorren dohaina.
Liburu honen helburu bakarra hau da: Xalbadorren hurbilagotik ezagutzeko gutizia piztea irakurlearen
baitan.
Liburu hau ez da ohiko biografia bat, batez ere Xalbadorren olerki eta kantuen gaineko azterketa baizik. Azken azalean esaten duen moduan, Mixel Itzaina testu honetan ahalegindu da azaltzen zergatik Xalbadorren bertsoek beti lilura batean sartu izan duten. Izan ere, oso gutxi ikasten dugu bere bizimoduari buruz: Urepelen sortua zela, Léonierekin ezkonduta zegoela eta bere bizitzaren zutabe izan diren bi elementuak: kantua eta fedea. 20. orrialdean.
Egileak, Aldudeko idazleak, betidanik bertsolaritzan egin du lan. Behin baino gehiagotan gai-jartzailea eta epailea izan denez Xalbadorren bertsoak epaitu beharra ditu. Izugarri laket izan dut bere saiakera. Lehenik eta behin Urepeleko artzainaren olerkiaren gaineko xehetasun dezente ikasi ditudalako, adibidez, haren tristura, haren fedea …
Bigarrenik, ez du idazten bakarrik Xalbadorren poesia, beste iparraldeko bertsolari batzuenak ere bai. Honela ‘Lau konparaketa’ atalean Xalbadorren bertsoa Jose Mendiague, Jean-Baptiste Elizanburu, Oxobi eta Zaldubirekin erkatzen du. Bertsoz bertso analisi sakon-sakona ematen digu Itzainak. Entsegu horri esker bertsolaritzaren kontuak ikasten ditugu: gaia, errima, trikimailuak, neurria…
Mixel Itzainaren arabera, Xalbadorren helburua zen olerkia ghettotik ateratzea eta herritar bihurtzea:”Je veux sortir la poésie de son ghetto et la rendre populaire” 38. orrialdean.
Nire ustez, pasarterik hunkigarriena Xalbadorren heriotza da. Guztiok dakigunez, 1976ko azaroaren 7an Urepelen bere jaioterrian ospatutako bere omenaldi-egunean bihotzekoak jota hil zen. Hori irakur daiteke orrialde hauetan: “Hemendik aitzina lerro guziak ahul eta pobre litaizke erraiteko zer pena hartu dugun, zer pena hartu duen Euskal Herri guziak” 63. orrialdean .
Amaitzeko, aipatu nahi nuke zer eder eta zer ezberdin den Iparraldeko hizkuntza. Hori guztia dela eta, berealdiko plazerra izan da liburu hau irakurtzea.