Bar Gloria

4

Izenburua: Bar Gloria
Idazlea: Nerea Ibarzabal
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2022

Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.

Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Ez nau harrapatu Nerea Ibarzabalen lehenengo liburuak. Argumentua interesgarria izan da, baina horren antolaketa nahasia eta kaotikoa iruditu zait. Benetan zaila izan da jakitea zein garaitan zegoen kontakizuna, baita kapitulu berean ere, aurrera eta atzera egiten zuelako etengabe. Ondorioz, interesa galdu dut eta kostatu zait liburua amaitzea.

Antolaketa zailena aukeratu du Nereak argumentua garatzeko eta, nire iritziz, huts egin du. Beste era batean idatzita egongo balitz, ziur gozatuko nukeela irakurketarekin, baina, tamalez, ezin izan dut.

Beraz, ezin dut gomerndatu liburu hau. Ea hurrengoa!

Alegia 41.1

111 aldizkarian aholkatzen zutela ikusita irakurri dut. Irakurtzen hasitakoan jakinmina piztu zidan gai ezberdin asko aztertzen zituela ikusirik. Gerora, gai horiek tratatzeko erarekin batzuetan nahastuta ibili naiz, baina garai hartako giroa eta bizimodua oso ondo azaltzen dituela iruditu zait .
Rakelen bizimodu gogorra, aitaren apusturako zaletasuna, garai hartako emakumeen etengabeko lana, tabernan eta jatetxean bezeroekiko tratu “etxekoia”……guztia oso ondo azaltzen du.
Aldi berean, liburu tristea ere badela esango nuke, baina nere iritziz irakurtzea merezi du.

Azkoitia 76.1

Abenduaren 8an Durangoko Azokan liburu honen aurkezpenean izan nintzen, aretoa mukuru beteta zegoelarik. Iñigo Astizek egin zuen aurkezpen lana, eta Nereak berak liburuko bi pasarte eder irakurri zituen. Horrek guztiak ‘Bar Gloria’ irakurtzeko gogoa piztu zidan, eta di-da batean irakurri dut.

Gloria tabernaren inguruan Ana, Migel eta Rakelen gorabeherak kontatzen ditu gehienbat. Bereziki interesgarria iruditu zait Rakel pertsonaiaren jokalmoldea, bai aitarekiko, bai Ana ahizparekiko.

Oso erraz irakurtzen den arren, batzuetan nahasgarri samarra iruditu zait. Kapitulu motzak dirak eta gai eta denbora aldaketek tarteka despistatu egin naute.

Harrigarria iruditu zait egilea horren gaztea izanik zeinen ongi deskribatzen duen duela 40-50 urteko giroa: herri industrializatu baten izaera, homosexualen egoera, familiko giro itxia…

Liburu gomendagarria, bereziki 50 urtetik gorakoentzat.

Gasteiz 9.5

Hamabigarren atalera arte ez nau hartu liburuak. Egileak taberna bateko bizitza nola garatzen den kontatzen du, bertako nagusia eta langileak deskribatzen ditu, baina ez zait hor esaten duena interesatu, ez du ni inplikatzea lortu. Nire ustez, Markinako idazleak ez du lortu bere trama irakurlea tartean sartzen den istorio unibertsal bihurtzea.
Oso arazo garrantzitsuez ari den arren –etxe bat alokatzearen eta ersotearen arteko borroka, esaterako–, ez naiz identifikatuta sentitu.
Agian deskribapen batzuk soberan dituela iruditu zait, adibidez, 14. kapituluan idien ferra deskribatzen duenean; landa-pertsona ez naizenez, astun samarrak egin zaizkit.
Hala eta guztiz ere, 83. orrialdetik aurrera liburua animatu egiten da; hala Eliasen eta Migelen arteko harremana eta Bizentaren gaixotasuna kontatzean nire interesa piztu du Nerea Ibarzabalek.
Amaierak txundituta utzi nau, gizateriaren bi motibo fundamentalez ari baita Sigmund Freuren arabera: eros eta tanathos, hau da, maitasuna eta heriotza.