Elkartasun basatia

1

Izenburua: Elkartasun basatia
Idazlea: Oier Guillan
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2013

Elkartasun basati bat sumatzen ahal da
behinola taberna-zulo berak
konpartitu zituztenen artean.
Konplizitate isil bat elkarri begiratzean,
iluntasuna laztanekin igurzten zituzten haiek ikusita
egunen zama bidegorrian izerditzen duten hauen lekuan.
Geografia estu bat bestearen ileorde zurian,
aukeren mundua ahoskatzen zuen hura
uzkurturik sentitzean.
Gogoaren antzaldatze bat,
poema kaskarrenak posible egin zituzten
azal tenteen soinu banda aditzean.
Jakinduria mutu bat,
oraindik sentitzeko gai diren
gorputzen janzkeran,
erretirotik urrun diren isurien egarrietan.
Samurtasun politiko bat,
galdera lizun batek urruntzen duen iragan komunaren bidean.
Konspirazio poetiko bat,
behinola aukera zena
egun fikzioa dela jakinik,
norberaren gezurrak sinesteko prest daudenak
eroak baizik ez direla aitorturik,
osasun txepel hau gehiegi maite dugun honetan.
Herrentasun eder bat,
balizkoen agenda murriztuari erreparatzean.
Porrot sentsazio gozo bat,
eskutik
helduta
ahur.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo

Azken aldion irakurri dudan liburuen artean maitagarrien izan dudana hauxe da. Eleberri oso poetikoa izan arren, narratibaren hariak ere behar bezala josi ditu egileak. Istorioak ere bere xarma dauka, baita espero gabeko amaiera ere. Gomendatzen dut (eta pare bat opari ere egin dut dagoeneko).