Izenburua: Ibaiertzeko ipuina
Idazlea: Oihane Amantegi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020
Ibai bat, Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko bazter galdu batean, zehazten ez den garai ia mitiko batean. Horra eleberri labur bezain hipnotiko honen kokalekua. Eta ibaiaren ertzetan bizi den jendea: eztia biltzen duten nekazari zuri pobreak, ibaian bainatzen diren andre beltz mardulak, eta mundua bere magia guztian deskubritzen duen haurraren begiak, bizitzari nahiz heriotzari begira. Estreinaldi ausarta egin du Oihane Amantegik literaturaren munduan: estilo pertsonal bat onduz, idazkera dotorean, kontakizun original bezain indartsua lortzeko. Urrunean entzuten den hegoalde sakoneko harmonika-doinu bat bezain liluragarri eta malenkoniatsua.
Narratzailea istorioko protagonista da. Eleberriaren hasieran, iraganean kokatutako istorioa girotzen da eta irakurleari erraza gertatu ahal zaio kontakizunarekin bat egitea. Lekuak pertsonaiei nortasuna ematen die eta, izenburuak aditzera ematen duen bezala, ibaiari lotutako gertaerak agertzen dira. Istorioak aurrera egin ahala, bilakaera bat duen minari buruzko hausnarketak daude eta istorioari darion maitasunak, bide batez, bizitzari buruzko hausnarketa egiteko aukera luzatu ahal dio irakurleari. Niri gustatu zait.
Oso liburu berezia Oihane Amantegiren lehenengo hau. Berezia da lehenengo liburua izateagatik, Georgian (AEB) kokatzeagatik eta hildakoekiko harremanak sartzeagatik argumentuan. Izan ere, neskato biki batek bere ahizpa biki hilarekin topo egiten du egunero ibaiertzean, ahizpa hila Karonteren txalupan etortzen baita berarengana. Oso modu gozoan deskribatzen ditu neskatoak ahizparekiko topaketak.
Azkar irakurtzen da laburra den liburu hau eta barruan dagoen ukitu magikoak oso zapore ona uzten du irakurketa amaitzean.
Oso ustekabe handia izan zait Oihane Amantegiren agerpena euskal literaturan eta liburu honekin ozenki eskatu du balizko bigarren liburuari jarraipen osoa egitea. Beraz, liburu horren zain geratzen naiz.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.
Eleberri honek lau parte dauzka. Lauetan epilogoan barne narratzailearen bikia da pertsonaia nagusia.
Lehenengo zatian, pertsonaia nagusiaren gurasoen bizitza kontatzen da. Ezkondu bezain laster Georgiara joan ziren bizitzera, Ochlockonee ibaiaren ertzera hain zuzen ere. Han bertan, ama haurdun geratzen eta “hasiera-hasieratik jakin zuen amak bi haur zekartzala, medikuak berak esan baino lehen” 17.orrialdean. Baina ahizpa hilda jaio zen.
Bigarrenean, protagonistak, zortzi urte baino ez dituen arren, tristura handia sentitzen du bere ahizparik ez dagoelako. Hala ere, inork ez dio bere minari erreparatu nahi. Horregatik Karonteren konplizitatea bilatzen du beste ertzera pasa dadin bere ahizpa ikusi ahal izateko.
Hirugarren atalean, Karonteri ordaintzeko txanponak aurrezten saiatzen da. Horretarako, bi urteko neskato bat zaintzen du. Handik aurrera, ia egunero, bere bikia hilda ikustea lortzen du.
Azken zatian, ahizpak aitortzen dio ”heriotzarena hain gaizki ere ez dagoela dibertitu dibertitzen dela lantzean-lantzean; baina, nola nahi dela ere, bizitza larregi botatzen duela falta” 79. orrialdean.
Zornotzako idazleak, Oihane Amantegik, oso testu sakona eta zirraragarria idatzi du. Oso gaztea izan arren, ez dio beldurrik ematen heriotzaz hitz egiteak, eta naturaltasun handiz aipatzen du. Liburuak, gainera, Hego Amerikako eleberri onenaren ukitu magiko eta onirikoa du. Beharbada, hainbeste gustatu zait nobela ni ere bikia naizelako. Zorionez, biok bizi gara, baina bera ez Georgian, Antiguan baizik, Guatemalan.