Izenburua: Itsaso amniotikoa
Idazlea: Oihane Jaka
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Oihane Jakak (Donostia, 1985) bere lehenengo liburua idatzi du, Idazle Eskolak antolatzen duen Karmele Igartua sormen bekaren laguntzaz. Poema bilduma bat da Itsaso amniotikoa, askotariko minetan arakatzen duena, bi ardatzen jirabiran: gertuko heriotza bat, batetik, eta haurduntze-erditzeek dakartzaten zalantza, arazo eta ezinegonak, bestetik. Poesia sentitua baina aldi berean landua, hitzak arretaz aukeratuz eta neurtuz idatzia, esperientzia pertsonaletik harago, edonork bere egiteko moduko sentipenak islatzen dituena.
Ezagutzen dut andra bat 12 urterekin aita hil zitzaiona, eta 3 haurren ama langabe alargunari laguntza behin eta berriz ukatu ziona 10 metrora bizi zen izekok, alargunaren ahizpak. Gertaera hori etorri zait akordura liburuko 9. orrialdeko heriotza irakurrita. Alegia, horrelakoetan sortzen da elkartasun aktiborik inguruan? Baina idazleak ez du bide hori hartu, eta ezin jakin, bere mina azaltzen baitu Jakak. Minetik asko du liburuak, baina ez da min etsitua, badago minari aurre egiteko gogo eta gaitasuna. Mina jaio ez den haurragatik, mina ama izan berriak bere desioa tiraderan gorde behar izateagatik, edo konplikatutako erditzeagatik. Hasieran aipatu andrak ere asko sufritu zuen haurdunaldian, eta sufrikario hori hobeto ulertzen lagundu dit liburu honek. Eta sufrikario hori samurtzen itsasoak bai laguntzen diola idazleari, edo urak, baina ez antza haurrak jaiotzeko betiko bide ofizialak.
Bukatzeko, eta laburtze aldera, pare bat kontu. Liburuan protagonistago dira amak, emakumeak, gizonak baino. Eta azkenik, 20. orriko poeman Manuel Sans Segarra neurozirujaua izan dut buruan. Agian hitz egin dezakete berak eta idazle biologoak zientziaz eta bizitzaz, eta ez-heriotzaz…