Izenburua: Arrain hezur bat eztarrian
Idazlea: Olatz Mitxelena
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2023
On asmoz abiatu eta hondamendian amiltzen diren txangoak, edo itxura negargarria izan arren amaiera gozoa hartzen duten festak. Ezer ez da dirudiena istorio hauetan: errealistak batzuk, fantastikoak bestetzuk, beti dute gorderik ustekabearen harra, bolante kolpea, magiaren printza. Olatz Mitxelenak, Igartza Sariari esker ondutako bere lehenengo ipuin liburu honetan, esku trebea eta ahots propioa erakutsi ditu: lehenak balio dio prosa jostalari bezain zehatz batez idazteko; bigarrenak, berriz, ideia berritzaileak sujeritzeko, noiz asaldatzaile noiz adar-jotzaile, liburua itxi eta gero ere irakurlearen gogoan luzaroan iraungo dutenak.
Hamar ipuinek osatzen dute Olatz Mitxelenaren liburu hau.Batzuk gustatu zaizkit, beste batzuk ez, baina denek harritu naute, gehienetan izenburua ez zetorrelako bat testuaren gaiarekin. Normalean egileak argumentuaren arrasto bat ematen du izenburuarekin, baina ez da hala gertatu Oiartzungo idazlearen kasuan, despistean jokatu nahi izan du, nire ustez.
Gehien gustatu zaidana ‘Singer makina’ da, batez ere josteko makina pianoarekin alderatzen duenean 53. eta 54. orrialdeetan. “Ume baten ilusioz jarri zen makinaren aurrean: piano jotzailea pianoaren aurrean nola, partitura irakurtzeko irrikatan”.
‘Gurutzegramak’ ere nabarmenduko nuke. Desesperatutako tonuagatik, Albert Camusen ‘Izurria’ gogorarazten dit. Hemen, idazle existentzialistaren ipuinean bezala, jendea ihes egiten ahalegintzen da eta hiria hutsik geratzen da. Aipagarria da haren amaiera bitxia.
‘Katuka’ ez da nire gustukoa izan. Ilunegia eta tremendista iruditzen zait. Gaiztakerietan sinesten ez dudanez, ipuinak ez nau harrapatu.
Idazlea filosofiako irakaslea dela nabaritzen da, heriotza bezalako gai sakonak jorratzen baititu; honela irakur dezakegu 54. orrialdean: “…bizitza –heriotza muga lusoa, mugarik bada.” Gainera, ‘Botanika ikastaroa’ izeneko ipuinean Descartes eta haren “Metodoaren diskurtsoa” aipatzen dira.
Nire aburuz liburu biribila ez bada ere, ipuin batzuk nahiko opakuak baitira, fantasiazko misterioa eta ukitu surrealista duten ipuinak maite dituzten irakurleei gomendatuko nieke.
Olatz Mitxelena berriki agertu da euskal literaturan Igartza beka irabazi zuen liburu honekin.
Hamar ipuin dauzka liburuak eta denak balekoak dira, baina gehiagorik gabe. Izan ere, denek ematen zuten interesgarriagoak izango zirela, baina usteak ustel.
Denetan gose geratu naiz; ematen zuen irudimena amaitu zitzaiola bat-batean idazleari eta bukaera jarri beharko ziela ipuinei nola edo hala.
Horregatik ezin dut gomendatu liburu hau, baina oraindik goiz da Olatz Mitxelena idazle gisa baloratzeko. Horretarako bigarren liburua behar dut. Ea laster heltzen zaigun!