Izenburua: Baserria (h)uz(s)ten
Idazlea: Oskar Gaztelu
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2023
Ama joan zaigu. Lehenago, aita eta amama joan ziren. Lur isilera. Une honetan baserrian ez da inor. Orain baserria hustu behar dugu. Eta gauzak ez dira gauzak besterik ez, giza arrastoen eramaileak ere badira. Armairu itxiak, arropak, jantziak, zapiak, gelak, ateak, loreak, inguruko basoak, haizea, euria, bakardadea, mina, heriotza. Hau dena kontatzeko ez dago hitzik, poesia ez bada. Poemek lagundu didate hutsik zegoen espazioa betetzen. Sakonean ahaztutako zerbait ateratzen lagundu didate. Poema batek esan ezin dena iradoki dezake. Amaigabeko amildegian sakontzen du.
Liburuaren izenburuak min ematen dio idazleari, ama hil zaiolarik. Mina eragiten du baita ere poema baten izenburu den beste esaldi honek ere: “zure isiltasuna entzun nahi nuen”. Liburua bukatu eta astebetera oraindik azken esaldi horren danbatekoa entzuten dut barrenean, nahiz eta Oskar Gazteluk berak beste poema batean dioen mina ez datorrela barrutik. Ez dator barrutik, ez delako barrutik inora abiatu, bertan darrai.
Mina ez da halere poema-liburu saritu honen osagai bakarra. Hor daude oroitzapenak, hor ama zenaren loreak, baserri inguruko zuhaitz ia hilezkorrak… Heriotza dela-eta ematen du poetak nahiko lukeela zuhaitzen iraunkortasun horren zipriztinekin busti, baina berak ere badaki azken bidaia egin beharko duela, eta hilko den azken egun hori irudikatzen du, zer egin nahi duen, oinutsik ibili belarreatn eta sutondoko sua piztuta utzi, besteak beste.
Zer pentsatua eman dit azken poema horrek. Burura etorri zait “ni hiltzen naizen gauean behintzat eizue lo lasai” hura. Gogora etorri zait, eta faltan bota dut, joandakoekin pasatako une gozoen aipamen gehiago. Hala dio idazleak: “zure faltak zure presentziak baino leku handiagoa hartzen du espazioan”. Falta den horrek utzitako hutsunea oso indartsua da liburuan barrena.
Bukatu baino lehen, kontutxo bat. Liburu honek aukera eman dit Ernestina de ChampourcÃn nor zen jakiteko. Ez nuen ezagutzen sariketari izena ematen dion poeta gasteiztarra.