Rosa itzuli da

3

Izenburua: Rosa itzuli da
Idazlea: Pako Aristi
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2018

2013an, Parot doktrina baliogabetu ondoren, ETAko militante saldo bat aske geratu zen. Gehienek hogei urtetik gora zeramatzaten preso. Zer aurkitu zuten herrira itzultzean? Une historiko horretatik abiatuta, thriller politiko bat ondu du Pako Aristik, itzulera orok dakarren zirrara gai askorekin zipriztinduz: senitarteko sekretuak, belaunaldien arteko lotura ezkutuak, hitzek errealitatearekin daukaten gatazka, ahanzturaren beharra ala oroitu ezinaren kondena, guztia kontakizun biziz eta elkarrizketa mamitsuz emana. Historia kolektibo bat, norbanakoen ilusio eta sufrimenduek zeharkatzen dutena.
Amodio istorioak ere badaude, ageri-agerian, edota ezkutuan, tabuaren erresuma itsuan, irakurle bizkorrak sumatuko duena, agian, edo ez. Asebeteko zaituen nobela duzu eskuartean, irakurle, luzaroan ahaztuko ez duzuna.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Urnieta 49.2

Pako Aristiren “Rosa itzuli da” eleberriak izenburutik bertatik du oso interesgarri bihurtzen duen hainbat ezaugarri. Izenburuak berak salatzen du “itzuli” egin dela, urrundutako herkidea -batzuentzat goresgarria, besteentzat baztergarria-, itzuli egin da eta bere lekua behar du egungo gizartean. Ahaztuta ere bageneukan Rosa, baina itzuli egin da. Ez da izenburu neutroa, erpin eta aho ugari izan dezakeena baizik…, baina bai benetan esanguratsua. Hortik aurrerakoak hainbat gauza erakusten digu: Pakoren maisutasuna hitza eta sentimendua txirikordatzeko garaian, ETAren bortxakeriarekiko ikuspegi ezberdinak, kontrajarriak guztiz batzuk baina, aldi berean, elkarren osagarri ere badirenak hein batean. Aristiren idazkerak doinu lirikoa du beti, garbia eta zuzena, korapilorik gabea, arazoak sentitzen dituen bezalatsu azaltzeko indarra duena.

Eleberriak bere gordintasunean gogorarazten digu “arazoa” itzuli dela, eta nolabaiteko lekua eta duintasuna eskatzen dituela itzuleran hartu duen gizartean; ez da, nolanahi ere, Rosak ezagutu uste zuen gizartea. Agian buruan zuen euskal gizartea bestelakoa zen, ideializatua bere neurrian… Ez dakit ere Aristik ez ote duen neurri handi batean idealizatzen euskal gizartea, edo behinik behin berak oinarrian bizi duen gizartea ez ote den gizarte idealizatua, benetan bizi ez dituena Aristik atxikitzen dizkion muina eta baloreak…

Irakurri beharreko liburua, Aristiren eskutik plazaratzen den guztia bezala lehen mailakoa.

Bilbo 54.3

Hamabost urte pasa dira Pako Aristik narratibazko liburu bat argitaratu zuenetik, eta orain etorri zaigu oso liburu eder batekin. Aristi euskal idazle nagusietako bat da eta arraroa da hain gutxitan agertzea euskal narratibagintzara.
Liburuko protagonista Rosa etakidea da. Kartzelatik atera berria da, han 25 urte pasatu eta gero, eta bere herrian aurkitzen duena ez da berak pentsatzen zuena. Halaber, bere amaren bizitza hasiko da ezagutzen, hura Alzheimerrek jota dagoenean eta, beraz, berarekin hitz egitea ia ezinezkoa denean.
Maisuki idatzita dago liburua (askotan agertzen diren erdarazko esaldiak kenduta) eta istorioaren interesa gorantz doa etengabe, irakurketa aurrera joan ahala.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau eta ea ez dugun hainbeste itxaron behar Pako Aristiren beste libururen bat ikusi arte.

Marini

Azkenengo urteetan euskaraz idatzi den nobela interesgarriena iruditu zait. Autoreak bere eleberria jada modan ez dauden hainbat baloreen ikuspuntutik idatzi du: engaiamendu politikotik, zintzotasunetik eta adoretik… Horrez gain, eleberriak dituen ezaugarri azpimarragarrienak honako hauek dira: kontakizunaren tonuaren samurtasuna, hizkuntzaren erabilera aberatsa eta istorioak testigautza gisa duen balioa. Eleberrian Aristik bere idazkeraren berezitasunak erakusten dizkigu: arina, zuzena, jatorra eta poetikoa da.