Izenburua: Nire Uztapide
Idazlea: Pako Aristi
Ilustratzailea: Jon Zabaleta
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2022
Nor izan zen Uztapide? Nor zen begirada zorrotzeko gizon hura?
Haren izena bertsolari handien lekuan ageri da beti; ezagutu zutenek miretsi egiten dute. Halere, haren bertsoak ez dira beste batzuenak bezain gogoratuak; haren ateraldiak ere ez dabiltza ahoz aho. Uztapideren izaera nolabait ezkutatu egin da haren izen handiaren atzean. Entziklopediako fitxa bilakatu da.
Liburu hau Uztapide gizonaren bila egindako bidaia bat da. Haren alderdi on eta pattalagoak agertuz. Kapitulu laburrekin jositako oihala duzu liburua. Gauzak luze eta lasai kontatzen zituen gizonaren historia bizkortu nahi lukeen idazkeraz kontatua. Eta, horrekin batera, bertsotan egiteko eta ibiltzeko modu ezberdin baten kronika.
Testu hau Pako Aristiren hitz hauekin hasi da. “Eta, egokitu zaizun mundua zertxobait hobeto konprenitzen laguntzen badizu, zure herria zertxobait gehiago maitatzen, helburu betea izango da. ‘Nire Uztapide’ idatzi nuenean neukan helburu huraxe bera”, 13.orrialdean. Eta lortu egin du. Liburu hau irakurri eta gero Euskal Herriaren inguruko kultura gehiago ezagutzen dut eta hobeto ulertzen dut herri hau.
Hasi aurretik ez nekien nor zen Uztapide, nahiz eta bertsolarien mundua maite dudan, eta behin baino gehiagotan entzuten ditudan, batez ere jaietan.Irakurri ondoren gauza asko ikasi ditut. Lehenik eta behin, Uztapideren bizitzari buruz. Oso gizon originala, 41 urterekin Kontxitarekin ezkondu zena, bera baino askoz gazteagoa zena. Bigarrenik, Xalbador Upereleko artzainarekin kantatu zituela bertsoak. Hirugarrenik, garaiko gorabeherak ere bai, adibidez, “Francoren diktaduran euskaraz egin zitezkeen kultur ekintza gehienak debekatuak zeuden, bertsolaritza salbu”, 106. orrialdean. Eta azkenik, Txirrita Maialen Lujanbioren aitona zela.
Estiloari buruz esango nuke Pako Aristik hizkera sinplea eta erraza erabiltzen duela. Pertsonaia nagusia ez da Uztapide bakarrik, 13 urteko mutil bat ere bada, Joseba Martiarena, gure bertsolaria hil baino bi urte lehenago ezagutu zuena, Uztapidek bere ahotsa izateko eskatu zionean, berak ezin baitzuen abestu tronbosi eraso baten aurrean.
Horregatik guztiagatik, liburu hau ikastetxeetan irakurtzea gomendatuko nuke, ikasle gazteek beren herria eta artistak hobeto ezagutu ditzaten.
Ez nuke amaitu nahi Jon Zabaletaren marrazki bikainak aipatu gabe, testu honen irakurketa osatzen eta alaitzen dutenak.