Izenburua: Suaren froga
Idazlea: Patri Urkizu
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2021
Irakurleak esku artean daukan historia tragiko hau Gipuzkoako herri txiki batean, Zerainen, hasten da, hor jaio baitzen gure protagonista, Joanes Lopez Zeraingoa, zehazki 1488an, eta Granadan bukatu ziren haren egunak, 1530ean, Inkisizioaren suan erreta, luterano kutsuko liburu batzuk idazteagatik.
Autoreak, Joanes Lopez Zeraingoaren bizitzaren gorabeherak ikertu ondoren, beste pasarte batzuk asmatzen ditu koherentziaz eta garai hartan txertatuak. Gainera, enkontruak eta solasaldiak asmatzen ditu gure pertsonaiaren garaikide batzuekin (Desiderio Erasmo, Martin Azpilikuetako, Inazio Loiolako, Migel Egiako, Luis Vives, eta beste askorekin…). Gizadiarentzat hain erabakigarria izan zen argiz eta ilunez betetako Errenazimenduko garaian murgiltzen laguntzen digu Patri Urkizuk bere irudimenari leku eginez eta gureari ateak zabalduz.
Liburu astuna Patri Urkizuren azkena. Joanes Lopez Zeraingoaren bizitza kontatzen du, herexea izateagatik erretzen duten arte.
Badaude liburuan pasarte interesgarriak, baina hainbeste libururen eta moldiztegiren aipamenek, baita argumentuarekin zerikusirik ez duten pertsonaia askorenek ere, eleberriaren haria mozten dute eta, beraz, irakurlearen interesa txikiagotzen dute.
Nago liburu erdia sobran dagoela. Orrialde horiek kenduz gero, interesgarria izango litzeteke liburu hau, ondo idatzita dagoena, gainera. Tamalez, orrialde horiek ez ditu kendu idazleak, eta, ondorioz, nik ez dut gozatu irakurketarkein.
Beraz, ezin dut gomendatu liburu hau. Ea hurrengoa!
Izugarri gustura irakurri nituen lehen hiru kapituluak, Zerain, Donemiliaga eta Salamancakoak. Euskara dotorea eta historia/istorio bikaina iruditzen ari zitzaidan.
Joanes Frantziara iristearekin bat pixka bat haria galtzen hasi nintzen, eta hortik aurrera oso liburu korapilotsua iruditu zait, astuna egiteraino.
Benetan pena hartu dut, ‘Otto Pette’-ren mailako liburua izan zitekeela pentsatu bainuen lehen 60 orrialdeak irakurritakoan. Baina gero, liburu aipamen luze horiekin, erabat galduta sentitu naiz.