Izenburua: Absurdoko kontuak edo zoroen herriko kronikak
Idazlea: Patxi Zabaleta
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2013
“Absurdoa logikari zaio ortziko zulo beltzak materiari zaizkiona. Absurdoa eta ortziko zulo beltzak logikaren eta materiaren ukoa, muga eta antitesia dira; baina aldi berean, bien ala bien alfa eta omega. Kosmosa kaosaren salbuespena da, logika basurdoaren salbuespena den bezalaxe. Kaosa eta absurdoa dira edukiak; kosmosa eta logika, berriz, salbuespenak.
Absurdoko kontuak ez dira kontu absurdoak. Ele hauen xedea ez da zentzugabekerian edo kontraesanean murgiltzea, baizik gizakiaren grinak herriaren ikuspegi ‘nor-anizkotik’ aztertzea eta deskribatzea, norbanakoaren ikuspegitik beharrean; talde ikuspegitik alegia. Maitasuna, sexua, agintea, biziraupena, sinesmena, pobrezia, gorrotoa, zentzu ona eta abar, norbanakotik harantzago badauden fenomenoak baitira”.
Oso liburu mardula da Patxi Zabaletaren azkena. Denbora luzea eman dut hori irakurtzen eta sentimendu kontrajarriak izan ditut. Prologo, hitzaurre eta epilogo astun eta ulertezinak kenduta, non sufritu besterik ez dudan egin, hamaika ipuin edo kapituluak irakurtzen gozatu adina aspertu naiz. Hala ere, azkenean maitasuna hartu diot Kokoherriri, hain denbora luzez bere istorioak irakurri eta gero.
Hizkuntza aldetik goi-nafarrerazko hitz pila bat agertzen da liburuan, gehienak ezezagunak niretzat eta hiztegian agertzen ez direnak. Horrek ere zailtzen du irakurketa, liburuaren mardultasunaz gain.
Beraz, astia duen eta patxadaz irakurtzea gustatzen zaion irakurleari bakarrik gomendatuko diot liburu hau .