Enigma bi, erantzun bat

2

Izenburua: Enigma bi, erantzun bat
Idazlea: Patxi Zubizarreta
Ilustratzailea: Thomas Canet
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2018

Bizitza osoa daukagu Obabakoak, Moby Dick edo Kixote bezalako obra miresgarriak irakurtzeko, baina Tom Sawyer, Estepako otsoa, Ibrahim jauna eta Koranaren loreak edo esku artean daukazun Enigma bi, erantzun bat bezalako liburuak irakurtzeko urte gutxi baina preziatu batzuk dauzkagu, hain zuzen ere nerabezaroan gertuago eta irekiago baikaude bizitzaren xarma, misterioa eta abenturak deskubritzeko.
Emakume sugearen misterioa enigmak Euskal Herriko lehenaldira eta Birmaniara garamatza, adiskidetasuna eta lehen amodioak medio. Jentziren enigmak, ostera, India eta Himalaia ezagutaraziko dizkigu, abenturak eta malenkonia bidelagun. Erantzuna, baina, norberak bilatu beharko du…, eta hala ere ziur egon bi ipuin hauek amaitutakoan, batik bat garai egokian irakurriz gero, bidaia handi baten ostean bezalaxe sentituko zarela: desberdinago, zailduago, zaluago.

Subscribe
Notify of
guest
2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Liburu polita Patxi Zubizarretaren hau. Haur eta gazte literaturakoa omen da baina helduentzat ere egokia da. Bi istorio ditu eta bietan pertsona desagertuen bilaketa da ardatza, mutiko bat desagertu baita lehen istorioan eta eta senar-emazte bikote bat bigarrenean.
Oso ondo idatzita dago eta azkar amaitzen da laburra den liburu hau, baina interesa ez da galtzen, bilatutakoak non ote dauden jakiteko irrikan. Beraz, gomendagarria da liburu hau haur eta gazteentzat eta edozein adinetako jendearentzat.

Donostia 47.3

Ez dakit nondik hasi. Hasieratik onena. Azaletik. Liburuaren azala liburua saltzeko bada, ez dakit ba! Ez dakit enigma hitza nahiko amu edo beita den liburua erosteko edo irakurtzeko. Agian bihotz itxurako marrazkiak tentatuko du ustezko irakurlea! Zeinek jakin!

Bi istorio edo gertakari daude Ruben detektibearen inguruan. Aspaldiko Renate lagunak aldizkari bat sortu berri du, eta atal bat eskaini dio erretreta hartu berri duen Rubeni, eta honek bi gertakari eskaintzen dizkio, bi desagerpen. Batean, maitasunak eraginda ihes egin duen mutikoaren istorioa eta bestetik gaixotasunak eraginda irtenbide bila ekialderantz doan bikotearena. Batean zein bestean, idazleak aldarrikatzen du besteak, gu bezalakoa ez denak, izan dezakeeela zer erakutsia eta bizitzari zentzua ematen dion giltza.

Bigarren istorioak eskaintza bat du, Bego eta Migeli. Bego eta Migel zein diren jakin gabe ere bereaskia da narrazioa. Narrazio horretan Jentzi bihurtzen da itxaropenaren ikur, Ana gaixoaren eta Biktorren umea. Baina jakinda Bego eta Migel hegazkin-istripu batean idazleak Himalayan galdutako lagunak direla, oso zaila egin zaiit Ana eta Biktor ez erkatzea Bego eta Migelekin. Jentzi ez ote da modu bat esateko gertakari latzak gertakari latz bizitzak aurrera egiten duela, eta bizi direnen hauspo izan behar dugula? Joan zaizkigunak ahaztu gabe, jakina! Eta beste kontu bat. Zer egin behar da?: detektibeak gurasoei kontatu behar die seme-alabei zer gertatu zaien atzerrian?, gordin kontatu?, ala hobeto da gezur “txiki?” bat esatea bakean bizi daitezen? Zer da onena dueloa igarotzeko? Erantzun bat?: bada, ez da samurra ditxosezko erantzuna!