Izenburua: Loak ezkutatzen duena
Idazlea: Patxi Zubizarreta
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2023
Insomnioari buruzko erreportaje bat balitz bezala hasten da kontakizuna, baina handik laster detektibe-nobela bat bihurtzen da, bere misterio, jazarpen eta guzti, funtsean gure gizartearen diagnostiko gordina egiteko; horrekin batera, amodiozko eleberri baten kutsua hartzen du, bere zita, sedukzio eta maite-jolasekin. Eta hori dena, tonu jostalari, arin bezain dotore batean idatzia.
Patxi Zubizarretak komedia xarmagarri bat ondu du liburu honetan, ohi duen moduan ipuinez, hitz-jokoz, hango eta hemengo erreferentziaz josiz bere narrazioa; Xerazade berri baten gisa, eskutik darama irakurlea paisaia elurtu batean, noizean behin ustekabe bat emanez. Hitz batez, kontalari ezin trebeago baten maisulana, Augustin Zubikarai sariaren merezient izandakoa.
Patxi Zubizarretaren eleberri honek hasiera-hasieratik hartu nau; izan ere, doinu afrantsesarekin hasten da. Lehen orrialdean bi aipamen daude: bata Marie Darrieussecqena eta bestea Tahar Ben Jellounena. Lehena Baionakoa da eta bigarrena, frantsesez idazten duen marokoar bat.
Eleberria hamabost kapitulutan banatuta dago, eta bertan protagonista diren pertsonaiek beren ikuspegia ematen dute. Teorian nobela beltza da, zerbait larria gertatu baita, eta pertsonaia nagusiek, batez ere Petrak, kazetariak, gertatutakoa aurkitu behar dute.
Eleberriaren haria, argumentua barik, Gasteiz hiria da. Igartzen da Ordiziako egileak urte asko daramatzala hiri honetan bizitzen. Pertsonaiek puntatik puntara zeharkatzen dute, leku oso ezagunak aipatuz. Irakurle batzuek Patrick Modianoren libururen bat eskuan dutela Paris bisitatzen duten bezala, gauza bera egin liteke Gasteizen ere: hiria bisitatu liburu honen gidaritzapean.
Nobela honetan imnsomnioa argumentu-aitzakia da farmazia industria salatzeko, turismo gastronomiko pixka bat egiteko, maitasun erromantikoa eta “Edurnezuria” bezala goraipatzen duten ipuinak kritikatzeko, bere musika- gustu ona erakusteko eta bakardadea bezalako gai sakonei buruz idazteko: “Bakardadea handiko lana da eta nire bakardadeak erasan egiten dit”, 135.orrialdean.
Aipatzekoa da desagertutako pertsona batzuk aipatzen dituen azken esaldia, batzuk itsasertzean itoak, beste batzuk sarraskian desagertuak, besteak kartzelan eta beste batzuk kartzelan preso: ia denek dute izen arabiarra. Nire ustez, itsasartea gurutzatu nahi duten pertsona migratzaileei egindako omenaldia da. Baina hau ez da berria Zubizarretarengan. Gogora dezagun berak idatzi zuela ‘Eztia eta ozpina’, Europara zetorren gazte marokoar bati buruzko eleberria. Gainera, berak itzuli ditu frantsesetik idazle arabiar batzuk, hala nola, Abdellah Taia.
Primeran pasatu dut Patxi Zubizarretaren azken liburua irakurtzen, baina batzuetan desioa errealitatearekin nahasten duela iruditzen zait. Alde batetik, testu honetan elurra behin eta berriz agertzen da eta, bestetik, une jakin batean, Gabrielek, pertsonaietako batek, egunkaria erosteko kiosko batera joatea proposatzen du (196.orrialdean). Zoritxarrez, duela urtebete baino gehiago ez du elurrik egiten Gasteizen, eta kioskoak aspaldi desagertu ziren hiritik. Hala eta guztiz ere, ‘Loak ezkutatzen duena’ oso liburu gomendagarria da.
Bukatu berri dut Patxi Zubizarretaren liburua. Gainera, lanean dugun irakurtzaleen txokoan irakurri dugu. Horretaz gain, Patxi bera gonbidatu dugu gurekin egotera solasaldian. Horrek ikaragarri aberastu du liburuaren inguruko solasaldia, oso ekarpen interesgarriak eta iradokitzaileak egin baitizkigu Patxik.
Berez liburuak hasieratik harrapatze zaitu misterioa eta umorea ederki konbinatzen baititu. Horrek irakurketa are erakargarriagoa egiten du. Hori bai, behin liburua hasiz gero, komenigarria liburua etenaldi luzeegirik gabe irakurtzea bertan hainbat narratzaileren ikuspuntuak, datuak eta kontaketak konbinatzen baitira.
Oso aberatsak dira Gabrielen ahotik iristen zaizkigun hainbat erreferentzia kultural.
Oso-oso liburu ona Patxi Zubizarretaren azkena. Augustin Zubikarai saria eskuratu zuen liburu honen proiektu batekin eta oso ondo garatu eta borobildu du istorioa.Loezinaren arazoa eta ikerketa baten suspensea nahasten dira liburuan eta interes osoz amaierara arte irakurri behar da. Teknika narratiboa berezia da; izan ere, protagonisten (Petra eta Gabriel) aitorpenak elkarrizketatuen aitorpenekin tartekatzen dira, dena dago lehen pertsonak adierazita.Bestalde, Gabrielek ipuin tradizionalei eta idazle eta filosofoen pasadizoei buruz duen jakinduriak atsegingarriago bihurtzen du irakurketa.Euskaren aldetik, oso gozoa da, Patxi Zubizarretarengan ohikoa denez.Ondorioz, biziki gomendagarria da liburu hau.