Izenburua: Goizuetan bada gizon bat…
Idazlea: Patziku Perurena
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2010
“Goizuetan bada gizon bat… Hunkigarriak, bertsoak. Eta zenbat aldiz ez ote ditugu kantatu hainbat afalondotan. Izanez ere, horren ederki paratu zizkigun Mikel Laboak, hautspetik atera eta […]. Goizuetako kanta xahar horren sustrai bila, hasi banintzen hasi, jainko ttikiak bestek ez daki, zenbat buruhauste ibili izanen dudan geroztik, beste hogeiren bat urtez edo, hara eta hona, maitale liluratua bere guzizko maitearen atzetik bezalatsu…”. Halatsu deskribatzen du autoreak ikerketa lan erraldoi honen abiapuntua eta garapena. Aitortu beharra dago liburu honen orrialde bakoitzean antzematen dela autorearen pasioa, grina eta jakin-mina eta asmatu egin duela ageri diren leku eta gertakari ilunez irakurlea liluratzen.
Ez da hau, hala ere, Trabukoren historia tristearen kontaketa hutsa, hori bada ere abiapuntua. Atari eder bat da bestela inongo historia-liburu marduletan ateratzen ez diren herritar xume aspaldi hildakoen grinak, maitasunak eta bizimodua ikasteko, burdinolen inguruko elezahar ilunak ezagutzeko: olajaun eta meatzarien arteko istiluak, noble eta bilau arteko espak, arrazakeriak, amodio eta gorroto kontuak, heriotzak…
Goizueta eta inguruko herri eta auzo, leku eta jendeak dira liburu honetako pertsonaia nagusi, baina aise ikus daiteke Euskal Herri berdeko beste hainbat eta hainbat herri, auzo eta jende Goizueta eta inguruko horien baitan.
Liburu hau irakurtzen duenak ez du modu berean entzungo Mikel Laboa kantari: Goizuetan bada gizon bat…
Gustora irakurri dut Perurenaren azken lan hau, gustora bildu naiz bere Goizueta, Elama, Leitza eta inguruko ikerketa hauetara guztietara eta bere hipotesi gehienak oso zentzuzkoak iruditzeaz gain hainbat datu filologiko oso interesgarri irakurri diot. Egia da Berdabioko hilketaren kontu horrek, Laboaren kanta ederra medio, ni ere ikaragarri erakartzen ninduela eta agian besterik itxaroten nuen arren, berdinduta geratu naiz Patzikuk eskaini digun ikerketa eskerga horrekin. Hori baina, akademiakideek eman dituzten iritziak irakurri ditut eta arrazoirik ez zaie falta, ildo jakin bati jarraiki egindako azalpen deduktiboa baino datu hustuketa baita maiz eta haria jarraituko duen kristorik ez dago. Nik, baina, jarrera aktiboa hartu dut eta eskaini didan material horrekin guztiarekin nire agertoki propioa osatu dut eta bapo gelditu naiz. Besterik behar al da?
Datu larregi emoten direz eta ildoa dexente galdu egiten da leidutakoan.Interesgarriak dira emoten diran datu asko, baino helburua zeharo galdu egiten dela uste dot…Ez nuke esango segituan irakurtzeko liburua danik. Noizonoiz harera bueltatzekoa baino, indarra eukinez gero behintzat…
Udan hasi nintzen irakurtzen eta mardulegia iruditu zitzaidan. Idazleak bertan azaltzen duena oso hurbilekoa zaiola argi dago baina niri gehiegizko datu bilketa iruditu zitzaidan. Saiatu nintzen jarraitzen baina hiru aldiz ekin nion eta laga egin nuen. Leitza ingurukoentzat agian oso baliagarria eta entretenigarria izango da.