Izenburua: Saski bete intxaur
Idazlea: Patziku Perurena
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2012
Era askotako lanak biltzen ditu liburu honek: egunero bizitzeak eta liburu irakurtzeak eragindako kritika eta gogoetak: gure prentsaz, kulturaz, literaturaz, politikaz, dantzaz, bertsolaritzaz, kirolaz, triperotzaz, sexuaz, utzikeriaz, hipokresiaz, ijitokeriaz eta baita ijitotasunaz ere… Hainbat aldizkaritan argitara emandako artikulu galduak… Esaldi aforistikoen bidez zabaldutako iradokizunak eta sumak edo egileak horren gogoko dituen Goizueta eta Leitza bitarteko hiztun xaharren ahotik jasotako zilar hotsa artxiboetako urre-printza galduekin nahastuz moldatutako artikuluak, Patzikuren ohiko estilotsuan, euskararen beraren bizitasun eta edertasun bila burutuak.
Harax bada, udazken sasoia izaki, saski bete intxaurrekin dator Patziku Perurena; saskia galtzarbean, dio berak, chotis hartako bioleteraren antzera? galdetzen diot nik. Estanpa polita, Patziku.
Intxaurrak omen dakartza berekin, saski bete intxaur. Bioleta loreak ez dira, aizu, udazken loreak bai ordea: intxaur laukoitzak eta hirukoitzak, ontzakoak, axalmeheak, zokokariak, mutur motzak, frantses intxaurrak,… Era askotakoak, jatorriz ere auskalo nongoak eta zer inporta du horrek, beti ere Goizueta-Leitzaldean loratutakoak eta bilduak, pazientzia nahikoaz, saski bete intxaur, eta hur eta fruitu lehor, lehor?, aski gozoak, bai alajainkoa. Udazken lore.
Aurkituko ditugu mami ederrekoak, fin askoak, urdintzen hasitakoak ere izanen omen, lainoak, airairu batzuk ere doike, harrak joak ere bai bizpahiru…bizpahiru edo gehiago… ez da harritzekoa.
Saski bete intxaur eta hur. Ez dira eseri-aldi batean presaka eta ahobetean jatekoak gero. Ale bakan batzuk aldian, lasai, probatuz, dastatuz, beren gurina aho sabaian gozatuz. Gosari ttikia eginez edo arratsaldeko askaria, bizpahiru ale, egunoro ahal bada, hori komeni, bazkaritan sartzen dugun zerri-bazka-fast-food hori konpentsatzeko edo.
Euskararen flakiaz baldin bazaude, etxe larrainetan eta gurdi bide bazterretan hazi eta ondutako euskararen flakiaz bazaude, honatx bada, saski bete oligoelementu, osagarri. Osasungarri.
Intxaur batek besteari:
“–Zaratak ez omen du onik egiten.
“–Ez eta onak ere zaratarik.