Argiantza

4

Izenburua: Argiantza
Idazlea: Pello Lizarralde
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2020

1982ko irailean gaude eta Ramon Beitia, hainbat zine areto bere ardurapean dituen gerentea, ikuskatze lanetan murgildu da. Irabaziak beheraka ari ziren, eta nagusi gazteak, iritsi berria aitak utzi ziona gobernatzera, kontuak baino ez ditu buruan. Lotsa gutxi eta eskrupulu gutxiagoko horri negozioaren gordina azaldu beharrean da gerentea. Eta horrelaxe hasten da egun gutxiren bueltan errendituko den peripezia. Nola zeuden herrietako aretoak eta zertan zebiltzan haietako langileak.

Formalki pieza perfektua da, bere simetria soilduan; mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaio adioa. Atzean gelditzen den mundu horren
arnasa eta denboraren sosegua sentiaraziko digu egileak maisuki.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Mutiloa-Aranguren 34.1

Lan bizitzaren azken txanpa minaz jositako zelai bat izan daiteke zenbait jenderendako: lan galtzea dela, eritasuna dela, maitea galtzea dela edo gaitasunaren gainbeheraren hasmenta dela. Hortaz ari da, nire iduriko, Pello Lizarralderen liburua. Negozioaren emaitza kaxkarra dela eta, bere ardurapean dauden hainbat zinema areto ikuskatzeko gerenteak egiten duen bidaian gogora etortzen zaizkion bizitzaren oroiminen, oroitzapenen, garai alaitsuen, negozioaren gainbeheraren, atsekabearen, etsipenaren eta abarren deskribapenak eginez egileak garatzen du eleberria, baina bi ikuspuntutatik: protagonistarena, alde batetik, eta bisita bakoitzean elkartzen den pertsonaiarena, bertze aldetik, ispilu joko interesgarri bat eginez. Kontakizunean hagitz elkarrizketa gutti dago eta zentzumenei eta sentsazioei lotutako deskribapen aunitz. Beraz, kontakizunaren erritmoa geldoa da. Agian, egileak propio erabili du teknika hura protagonista jasaten ari den biziaroan izaten den moteltze eta ahultze prozesua hobeki adierazteko. Deskribapen teknika astun egin dakioke zenbait irakurleri, baina eleberria laburra da eta erraz irakurtzen da. Bi hitzetan: irakurri beharrekoa.

Andoain 25.4

ARGIANTZA izenburua, nahiko iluna liburua.
Ikusten da mantso idatzia den testua dela, ondo pentsatua, deskribapenak bereziki landuak, oso gustura irakurtzen direnak. ..
Niri izaera poliedriko hori gustatu zait, egoera bera narratzaile-ikusle desberdinek nola bizi izan duten ulertzeko aukera izatea irakurleak.
Galtzailearen begietatik ikusten dira egoerak. Protagonistak ezagutzen duen mundua akaberan, ezerezean amiltzen somatzea…Oso malenkoniatsu egin zait liburuan agertzen den giroa. Malenkoniatsua eta ezaguna. Oso identifikatua sentitu naiz gain-beheran doan giro horrekin. Zenbait momentuetan ARGIA ikusten da, ordea. Une mugatuetan bada ere, ARGIA, INDARRA, BIZIPOZA bizitzeko gai gara, oraindik ere…

Urnieta 49.2

Benetan literatura ale bikaina Lizarraldek osatu duena. Obraren laburpena irakurri ondoren ez dirudi liburuak inora eramango zaituenik. baina bere idazkeraz lantzen duen poetika bikaina da, deskribapen hutsak benetan gozatzeraino harrapatzen zaitu eta bertan egoteraino lekualdazen du irakurlea. Idazkera maisutasun osoz erabiltzen du oso ariketa ausart batean eta emaitza, zinez, ederra da. Pertsonaia eta haren goabeherak -zinema sare baten gerentea- josita gelditzen zaizkizu gogoan, zirrara eraginez.

Bilbo 54.3

Berriz ere, liburu ederra ekarri digu Pello Lizarraldek. Argumentua geldoa da, beti bezala, baina Pello maisua da interesa mantentzen, nahiz eta gutxi gertatu istorioan.
Ramón Beitia zinema-enpresa baten gerentea da eta nagusiak euren areto guztiak ikuskatzera bidali du. Bisita horiek eta egin beharreko bidaiak dira argumentu osoa, baina, beti bezala, Pelloren prosa poetiko eta aberatsak artelan bihurtu du argumentu sinple hori. Oso laburra da liburua, baina ezin da azkar irakurri, istorioaren erritmo berean irakurri behar da, guztiz gozatzeko.
Pello Lizarraldek beste behin erakutsi du bere estilo propioa duela euskal literaturan eta beti jarrituko duela estilo horrekin, gure onerako.
Beraz, guztiz gomendagarria da liburu hau; batez ere, liburu ezberdinak gustukoak dituztenentzat.