Izenburua: Chevrolet tropikala
Idazlea: Rafa Egiguren
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2007
Sanfermin jaietatik ihesi, Habanara iritsi da Migel Salaberria 1992an, urte erdia Kuban igarotzeko asmotan. Hilabete bakarreko baimena besterik ez daukanez, bertan luzaz bizitzeko aitzakiak eta agiriak bildu behar ditu albait arinen, turista soila izango ez bada. Eta orduan, espero ez duela, lagun batek deituko dio Iruñetik, esanez Che-ren heriotzaren 25. urteurrena izango dela udazkenean eta haren omenez ekitaldi batzuk antolatzen hasiak direla Iruñean. Artekari bat behar dute Kuban, Migel da Habanako euren gizona.
Ziur aski egokia baino balorazio altuagoa merezí zuen lan honek. Hizkuntza aldetik lan aberatsa burutu baitu Rafa Egigurenek. Kubako topiko batzuk hautsiz, horko bero sapa eta pertsonaien deskribapena ederki landu duela esango nuke. . Dena den, kostatu egin istorioan barneratzea eta ez dut aurkitu liburuaren azalak iradokitzen zuen bizitasunik.
Liburu hau bereziki gomendatu nahi diet 30 urtetik gorakoei edo Kuban egondakoei. Bi baldintza hauek betetzen badituzu, derrigorrez irakurri beharreko liburuaz gozatzeko aukera izango duzu. Kubaz idazten den bakoitzean bi ikuspegi oso nabarmenak azaleratzen dira beti: oso aldekoa edo oso kontrakoa. Liburu honetan, behingoz, horrelako azalpen txuri/beltzetik aldentzen da, eta Kubako benetako egoera islatzen duelakoan nago. Nahiz eta duela ia 20 urteko Kuban kokatua egon, liburu hau irakurrita Kubako egoeraz gehiago ikasiko luke jendeak telebista zein beste hedabideetan azaltzen diren berriekin baino. Liburua irakurtzen zoazen heinean, Karibeko giroan sartuko zara. Ez bakarrik giro klimatikoan (ni ere uztailean izana naiz eta beroaren deskribapen hoberik ez dut irakurri), baita kubatar/atzerritarren arteko erlazio giroan ere. Hori da lorpenik handiena, kubatarrek erabiltzen dituzten trikimailuez ohartarazten zaitu, baina gaitzespenean sartu gabe, beraiek bizimodua horrela bakarrik atera dezaketela konturatzen zarelako.
Eleberri honetan protagonista Migel da, Cubara hilabete pasatzera doana, baina ahal badu egonaldia gehiago luzatzeko asmoz. Bere bizitzan parentesi bat egin nahi du, azken boladako gertakizun eta sentimenduei “ihes” egin asmoz. Honekin batera, Iruñean Che-ren urteurrena dela eta, omenaldi-jaialdi aste bat antolatu nahi da eta berari eskatzen diote lan horretan laguntzeko. Habanan hainbat kubatar ezagutuko ditu, batzuk Cheren antolaketa lanekin zerikusia dutenak eta beste batzuk bidean. Haiekin dituen harremanetan, batetik Cubarekiko mirespena baina bestetik hango gizartearen “tranpa” eta gaitzak ere azaleratzen dira. Elkarrizketak Cubako hizkeran agertzen dira, ez euskaraz, eta horrek freskotasuna eta sinesgarritasuna ematen diola uste dut. Oro har, nobela atsegina iruditu zait, erraz irakurtzekoa eta “suspentse” modukoa mantentzen duena kontakizuenean zehar. Izan ere, bukaeran zenbait gertakizun edo pertsonaien jokaerak ez dira oso argi geratzen.
Migel Salaberriak Kubara egiten duen bidaia kontatzen zaigu liburu honetan. Hasiera polita du, bukaera ere bai, baina tarteko bidean galdu egin naiz.