Izenburua: Bi neska miseria aztertzen
Idazlea: Txomin Peillen
Argitaletxea: Dakit
Urtea: 2021
Parisko Champs Elyse´es gunean jaiotako andere gaztea dugu Sofia Rafeli. Ume eta gazte garaian txandaka bizi izan da gurasoekin, eta hauek kanpoan zirenean, amonarekin batera.
Lege alorreko ikasketen munduan prestatu du bere burua, eta ondoren epaile izateko asmoarekin doktoradutza eskuratu nahi du. Tesia idazten hasten denean aitak zioen aipua gogoratzen du: “epaile izateko, eta justizia eskaintzeko aurrena injustizia zer den ezagutu behar duzu”.
Injustizia eta miserian bizi den jendea aztertzeko bidaian bere lagun Claudia izango du.
Baleko liburua Txomin Peillenen hau. Neska batek epailea izan nahi du baina hori prestatu baino lehen, bere amaren hilketa argitu eta Frantziako gizartea aztertu nahi du epaile hobea izateko. Horregatik, lagun baten laguntzarekin, Frantzian barrena ibiltzen da eta jende txiroa eta baztertua ezagutzen du.
Batzuetan aspertu egin naiz eta beste batzuetan gozatu egin dut irakurketarekin. Bestalde, Txominek darabilen euskara ez da bereziki zaila, baina estiloa katramilatsua da batzuetan. Izan ere, pasarte batzuetan ez nekien nor ari zen hizketan.
Laburbilduz, liburu hau ez da pasatuko euskal narratibagintzaren historiara baina irakur daiteke arazo handirik gabe. Beraz, gomenda daiteke, eta horixe egingo dut.