Izenburua: Afrika express
Idazlea: Urtzi Urrutikoetxea
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2008
Afrika, gizateriaren arragoa, kontinente beltza, kolonialismoaren lehen eta azken biktima. Milaka afrikarrek iparralderantz egiten duten txango arriskutsua nabarmen erraztu da basamortuko errepidea asfaltatu zutenetik. Renault Express zahar bat hartuta Afrika Beltzeraino garamatza Urtzi Urrutikoetxearen bidaia-kronikak.
Azken urteotan bidaiatzea nabarmen erraztu dela diote. Hegaldiak ugaritu, kontsumo-ohiturak aldatu eta bidaia eta aisialdia oinarrizko betebehar bihurtu zaizkigu herrialde aberatsetan. Era berean, gure kontinentea gotortu eta etxetik mugitzea geroz eta zailago dute munduko biztanle gehienek. Pasaporte batzuek urrea balio dute, beste batzuekin ezin da kilometro batzuk baino egin. Geografiak ezarritako zailtasunak ingeniaritza lan garestiekin gainditu dituzte Europan, Japonian eta Ipar Amerikan; hala, Eskandinaviako penintsulara itsaso gaineko errepidez joan daiteke. Baina hamarkada asko pasako dira Europa eta Afrika lotuko lituzkeen tunela egingo bada. Asko jota, Afrikako errepideak hobetzera bideratzen dira garapenerako laguntzak. Horietako bat, baina, oso esanguratsua izan zen gure bidaiarako: Mauritaniako hiriburutik iparraldera zeuden 400 kilometroak asfaltatzeak lehen aldiz Saharako basamortua asfalto gainean egitea ahalbidetu du. Luzaroan egon ginen lanak noiz amaituko zain, antigoaleko abentura handia autoen mekanikaz deus ez dakienarentzat ere erabilgarri bihurtzeko. Eta lanak amaitu eta berehala, gure Dakar partikularrera abiatu ginen. Hile bitik gorako bidaia da hurrengo orrialdeetan daukazuna, hasierako abentura puntu horretatik hasita Afrikako konplexutasunak ulertzeko ahalegin xumeraino. Dozenaka hizkuntza, etnia, erlijio eta ohitura dituen kontinentea sinplifikatzea pretentsio handiegia litzateke, bost mendeko kolonialismoaren ondorioak laburbiltzea ere bai. Baina abenturaren aitzakian dena beltz ikusi ohi dugun errealitatean pixka bat sartzea lortu badugu, bada zerbait.
Literaturaren ikuspuntutik ez da maisulan bat nire ustez. Esan nahi dudana da ez dituzula perpaus biribil edo hiztegi oparo itxaron behar liburu honetan.
Baina interesgarria izan da oso niretzat. Afrika zeharkatu zuen Urrutikoetxeak bere lagun Gorettirekin eta ikusitakoak islatzen ditu liburuan. Noizean behin iritzia eta barne gogoetak ere kontatzen ditu. Amaiera gordinak bere lekuan kokatzen du kontinente hau.
Afrika hobeto ezagutzeko, klitxeak apurtu edo baiztetatzeko lagunduko digu liburu honek. Gainera, ez dago turista aberats tipiko baten ikuspegitik idatzirik. Sinesgarritasuna nabaritzen da pasadizoetan eta hori eskertzen da. Bere gordintasunean, bereziki asken kapituluetan (dirudienez, egia Afrikan beti da gordina) islatzen du bidaia Urrutikoetxeak.
Interesgarria.