Aulki-jokoa

14

Izenburua: Aulki-jokoa
Idazlea: Uxue Alberdi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2009

Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia… gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.

Subscribe
Notify of
guest

14 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Ni neu

Mila esker Uxue, naiz eta hasiera batean asko ez gustatu amaitzearen penaz ibili naiz. Sekula eskolan irakurtzeko eskatu didaten libururik politana da. Borobila. Gomendatzeko modukoa. Mila esker, berrio!

Gasteiz

Eleberri laburra, azkar irakurtzen da eta gustura, gainera. Hasieran gehiegi ulertzen ez banuen ere, berehala harrapatu nau istorioak eta eseraldi batean bukatu behar izan dut. Guztiz gomendagarria.

Ordizia 72.1

Metafora ederra Uxuek darabilena, baina elurretako hura gehiago gustatu zitzaidala esango nuke. Dotore eta elkarrizketa interesgarri eta goxoez kontatutako istorio hauen antzekoak aurretik ere irakurriak dizkiegula beste batzuei esango nuke. Ez nuke esan nahi idazle gazteek atzera begiratu behar ez dutenik, istorio xumeak handiak ez direnik, orijinala izateko kanpora joan behar denik, baina gai berriak eta, batez ere, ikuspegi berriak nortzuk ekarriko dizkigute, bada, gazteek ekarri ezean? Dena den, gomendatzeko moduko liburua iruditzen zait.

Urnieta 49.2

Tamainaz liburu xumea, bere protagonistak bezalaxe apalki-apalki indarra hartzen dihoana. Aitortu behar du kosta zaidala apur bat nire gogoa lotzea istorioarekin, eta lehenengo orriak irakurri ahala gehien estimatzen nuena idazkera eta esamolde eta irudien jolas literarioa zen, besterik gabe, istoriotxoa buruan josi ezinik. Istorioak bere irudiak osatu ahala, azkenik, harrapatu nau, baina oso bukaera aldera eta, emaitza, zapore gazi-gozoa izan da. Zalantzarik ez dut, baina, Uxue Alberdirengandik oso lan sendoak irakurri ahal izango ditugula eskarmentuan aurrera egin ahala.

Larraul 39.1

Oso metafora polita duen liburua, bai izenburu aldetik eta baita mamian duenagatik ere. Bizitza jolas bat baita, eta heriotzak eramatea aulkirik gabe, toki fisikorik gabe beratzea baita. Denboraren jolasa ere oso ondo lortua dauka. Oraina eta lehena nahastuz eta oso ondo tartekatuz. Gaiak, berriz, gerratea, harremanak, adiskidetasuna, maitasuna era guztietan (bikotean, ama-alaben artean, aita-alaben artean…), lana, tertulia… Era xume eta goxoan azaltzen digu garai bateko herri txiki eta itsas giroa lan polit eta txukun honetan idazleak. Lan polita eta goxoa.

Burlata 17.1

Eleberri laburra, azkar irakurtzen da eta gustura, gainera. Hasieran gehiegi ulertzen ez banuen ere, berehala harrapatu nau istorioak eta eseraldi batean bukatu behar izan dut. Guztiz gomendagarria.

Lesaka 30.1

Ona, lan polita, Uxue.
Gustura aritu naiz sartu-aterian zure “aulki-jokoan”; gauero irakurtzen nuen zatitxo bat, lotarakoan. Eta bukatu eta gero, hitza eman diot neure buruari: berri berritikan irakurri behar/nahi diat, haria moztu gabe eta tarteko puntazoak gehixeago hausnartuz (asmarrian)…
Gelditu zaidan inpresioa hori izan da: puntazo onak, hausnarketa nahiko mamitsuak egiten dituela Uxuek. Laburki azaltzen ditu, di-da, pasa ere oharkabean pasa litezkenak, ustekabean. Baina pertsona helduaren burutazioak direla esanen nuke, “TIRAIN haundikoak”.
“Horixe omen zen heldua izatea: mundua begiratzea norberari tokatu zaion altueratik, hazteko esperantzarik izan gabe eta oinen azpian aulkitxorik jarri gabe. Gauza tristeagorik”.
Iragana, nostalgia, gerraren ankerkeriak, heldu zaigun heriotza nola bizi dugun bakoitzak…aski potoloak gaiak, aski atsegin eta maitekiro tratatuak, metafora politen bidez (aulki-jokoa, ispilu aurreko itzala…)…24 urteko gazte batek kontatuak.
Hizkera, euskara: txukuna, zuka eta hika, ederki aski, nire idurikoz.
Baina…eta hemen “baina” bat onar iezadazu: esaldi batzuk nahiko bihurriak iduritu zaizkit. Lástímá. Kontatzen duzuna mamitsua eta zehatza denean, ulertu ere bapat eta zehatz ulertu nahi dugu. Horretan datza zure-gure arteko zubiaren artea. Ongi landu duzu: zer kontatu. Landu ezazu gehixeago: kontatzeko modua, zaindu hitzen ordena, orraztu…ez dakit…
Aupa, Uxue.

Alegia 41.1

Liburua asko gustatu zait. Oso era ulerkorrean eta atseginean idatzia dago.
Kontaketan, bi arlo ezberdin nabarmenduko nituzke:
Alde batetik, herri txiki bateko biztanleen arteko harremanei buruzko azalpen egokia eta erreala egiten duela uste dut, eta bestetik, gizarteak marjinatutako pertsonen barne bizipenak eta emozioak oso egoki islatzen ditu.
Azken ikuspegi hau kontuan izanda aipamen berezi bat egin nahi nuke: entzumena galdu duen pertsonak, gabezia hori saihesteko erabiltzen dituen estraregiei buruzko kapitulua; barrena ukitu dit.

Galdakao 55.1

“Aulki bat elurretan”, “Aulki-jokoa”; Zer obsesio izango du aulkiekin Uxue Alberdik? Bi liburu, bi aulki. Esanak esan, erabat desberdinak dira haien artean bere bi lehenengo liburu horiek. Orain dela bi urte argitaratu zuena ipuin bilduma zen -oso ona nire iritziz- eta aurten kaleratu duena eleberri laburra.
Hiru ahotsen kanta da liburua. Teresa, Martiña eta Eulaliren kontakizunak nahasten dira orrietan zehar. Haurtzaro eta nerabetasunaren istorioak, guda eta itsasoaren pasadizoak bilbatzen ditu Uxuek talde baten zahartzaroa bere lekuan kokatzeko.
“Nik uste nuen hiltzea, besterik gabe, ez egotea zela. Baina ez du horrekin zerikusirik. Hiltzea gauzak aldatzeko ahalmena galtzea da”. Perla hau bezalakoek bultzatzen zaituzte hiltzearekiko gogoeta sakonerantz. Azkenean, pixkanaka-pixkanaka kafetegiaren aulkiak desagertuko dira belaunaldi baten gorabeheraren isla bezala. Gainera joko krudel honetan igartzen da inork ez duela irabaziko.
Asko gustatu zait liburua. Gaztetasuna gorabehera idazle apartaren aurrean gaudela uste dut. Horrela jarrai dezala. Urteak baditu aurrean eta leku ona dauka erreserbaturik euskal idazleen olinpoan. Bai horixe.

Gernika-Lumo 38.1

Nahiko ona iruditu zait. Gehientsuenak ipuin onak dira, eta batzuk oso originalak.

Irun 67.1

Besterik gabe. Ez nau batere bete hasiera-hasieratik. Dezente aspertu naiz.

Erratzu 14.1

Liburu ederra benetan. Plano eta gai desberdinak lantzen ditu, modu arront onean eta maisuki. Lan eskerga egin du idazleak eta hori nabari egiten da orrialdeak pasa ahala. Heriotzaren tratamendua, emakumeen istorioak hain hurbil eta, modu berean, hain unibertsalak,… Bitxi bat. Erabat gomendagarria.

Azpeitia 77.4

Zenbaiten ustez liburua ona izateko mardula izan behar da. Liburua mardula ez bada, ez du literatura izena merezi. Bada, nik Aulki-jokoa irakurtzeko esango nieke, itxuraz mardula ez den arren, nire bizitzako aulki-jokoan irakurri dudan mardulenetakoa baita. LITERATURA da.

Esan beharrik ez dago, izugarri gustatu zaidala. Hizkuntza aldetik ona, gauzak kontatzeko modua zoragarria, gauzarik gogorrenak ere halako goxotasun batez inguratuta. Edozeini gomendatzeko modukoa.

Eskerrik asko, Uxue.

Bilbo 54.3

Liburu hunkigarria Uxue Alberdik aurkeztu diguna. Hiru neska/emakumeren bizitza eta pasadizoak maisuki azalduta daude. Maisulanak dira, batez ere, Teresari egindako ile-mozketaren kontakizuna eta txurreroaren fusilamendua. Hunkigarria da, baita ere, zaharrek kafetegiko aulkiei ematen dien garrantzia.

Beraz, guztiz gomendagarria.