Euli-giro

4

Izenburua: Euli-giro
Idazlea: Uxue Alberdi
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2013

Durduzagarriak, ezustekoak, misteriotsuak, apartak dira ipuin sorta honetako kontakizunak, beti lilura giroz jantziak.
Baserri zaharrean bizitzen hasi den bikote gaztea, mutilaren familiarengana bisitan joandako haurduna, andre gaixoa zaintzera hirira etorritako neskame xaloa, bere bulegoan kanpotarra dirudien abokatua, ikastetxera iritsi berri den gelakide aztoratua, poliziak zorrotz galdekatutako idazlea, ama itxuraldatzen ari zaion alaba, esku ezkerra galdu zuen biolontxelista, etxe barrura arrotza sartu zaion emakumea dira narrazio hauek habitatzen dituzten pertsonak.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Larraul 39.1

Bederatzi ipuinez osatua dago liburua. Ipuin bakoitzak du bere sorpresa ukitua, erraz eta gustura irakurtzekoak dira. Hasiera-hasieratik sartzen zaitu bere gidoian eta bertan murgilarazten zaitu. Denetan du emakumea protagonistatzat eta izenburua lehenengo ipuinak ematen dio liburuari. Hala ere, nahiago nuke Uxuek beste nobela bati ekingo balio, ‘Aulki-jokoa’ren estilokoa.

Santurtzi 53.1

Usteltze-usaina omen zen Danimarkan, eta Alberdiren ipuin hauetan ez da gutxiago.
Zerbait ilun darie narrazioei, putzu abandonatu, soto heze batean egongo bailitzan sentitzen da irakurlea haietan murgiltzen denean. Ipuin bakoitzean itzal kezkagarri bat nabarmentzen da.
Egoera arruntak –mundu bitxi honetan egoera arruntik badago– islatzen ditu idazleak, baina, une batean, ia konturatu gabe, ezinegonak inguratu gaitu. Eta larriena, artegagarriena, itxuraldatze hori naturaltasun osoz kontatzen duela da.
Istorio arruntak dira, esan bezala, egunerokoak, baina elementu deformatzaileak egiten ditu erakargarriak, amildegiak erakartzen gaituen modukoak.
Amaitzeko ez dut aipatu gabe utzi nahi liburuak opari gisa dakarren bonusa, hau da, jolasa: ea ipuin guztietan aurkitzen dugun egileak hainbeste maite duen hitza, antza, kutun bihurtu zaion hitza.

Eibar 101.1

Dezepzionantea. Bere aurreko liburuak xamurrak ziren eta ondokoan erregistroa aldatu du idazleak eta emaitza txarra da. Txarrena kritiketan nola gainbaloratu duten liburua. Giro desatseginak sortzen saiatzen da vaina ez daki istorioei amaiera onik ematen.

Bilbo 54.3

Ipuin liburua ekarri digu Uxue Alberdik eta txarto ez dagoela esan behar da. Ipuinak freskoak dira, interesgarriak, ustekabeko amaieradunak. Hala ere, ezin esan liburu hau bikaina denik, “Aulki-jokoa” izan zen bezala, baizik eta ona, gehiagorik gabe. Hala ere, horrelako liburuak asko dira euskal literaturan, baina bikainak direnak, aldiz, gutxi. Beraz, Uxue Alberdiren balioa ezagutzen dugunok gehiago eskatzen diogu. Ea “Aulki-jokoa”ren mailara hurbiltzen den berriro gure gozamenerako!