Txikitzen zaretenean

0

Izenburua: Txikitzen zaretenean
Idazlea: Uxue Alberdi
Ilustratzailea: Aitziber Akerreta
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2013

Haurtzaroari buruz esan diren gauzen artean, Rainer Rilke idazle austriarrarena izango da seguru aski ezagunena eta errepikatuena: “Gizakiaren aberri bakarra da”. Umeek haztean aurkituko duten mundua nolakoa den kontatu beharrean, kontakizun honek hankaz gora jartzen ditu narratzaileen eta irakurleen paperak. “Txikitzen zaretenean” gurasoei eta pertsona helduei kontatzeko ipuina da, eta haurren ikuspegitik kontatzen du nolakoa izango den gurasoak txikitzen direnean (kasu hipotetiko horretan) aurkituko duten mundua. Bizi-zikloa azpikoz gora jartzen du.
Uxue Alberdik eta Aitziber Akerretak haurren mundua nagusien mundutik bereizten duen amildegiaren aurrean kokatu gaituzte: gurasoak lanarekin eta etorkizuneko planekin kezkatuta dauden bitartean, gizarteko arau zurrunetan edo helduen arteko eztabaidetan harrapatuta dauden bitartean, haurren nahiago dute masustak biltzea, putzuetan jauzika ibiltzea, animaliekin hitz egitea edo mundua nolakoa den aiton-amonen eskutik ezagutzea.
Testuaren izaera poetikoaren osagarri dira grafitoz eta koloretako arkatzez egindako ilustrazioak. Ipuin honetako orrialdeetan elkarren ondoan bizi dira haurrak eta helduak, ez elkarrekin, ordea. Kolorea baliabide sinboliko bihurtuta, umeen mundua kolorez eta dinamismoz beterik azaltzen zaigu, helduen mundu grisari kontrajarrita. “Txikitzen zaretenean”-ek haur izaten jarraitzeko deia luzatzen die haurrei, eta gurasoak, pertsona helduak behinola ahaztutako inozentzia, irudimena eta naturaltasuna berreskuratzera animatzen ditu. Posible baita, saiatuz gero.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments