Izenburua: Olatu bat kuartelen gainetik
Idazlea: Xabier Amuriza
Argitaletxea: Lanku
Urtea: 2009
Olatu bat kuartelen gainetik deritzona Joan ziren zikloko aurreko bien, Dinosauroak horizontean eta Orain ezin naiz hil izenekoen, jarraipena da. Hirugarren liburuki hau ere lehenengoan abiatutako fenomeno esplikaezin baten garapena da. Ez nola ez zergatik munduan bakarrik gelditu zen edo abandonatu zuten ez jakiteak ez du protagonista biziraun beharretik libratzen. Premia horrek Oiz mendiaren hego aldetik (Durangaldetik) ipar aldeko (Lea Artibaiko) itsasertzera darama. Lekeitio. Hemen, bere biziraupen fisikoa antolatzeagaz batera, 1960ko hamarkada aurkitzen du, diktaduraren erraietan. Euskal Herriari dagokionez, hamarkada hori eta hurrengoaren lehen zatia protagonistak gogoratzen duen arorik esplosiboena izan zen.
Eleberri honetako pasarte eta pertsonaia ugariek, garai haren islapenaz gainera, eraikuntza literario bat osatzeko gai agortezina dakarte.
Aitortzen dut ez zaidala batere erraza egin liburua irakurtzea. Eta poliki poliki dutela irakurri, aldian sei-zazpi orrialde, goienez ere, maiz birritan irakurriz pasarteak. (Eta nire baitan: Duela 40 urte horrelaxe irakurtzen zuten “periodikua” edo “la-verdad” gure guraso oso gutti eskolatuek).
“Literatura” egin asmo du Amurizak, bere hitzetan, literatuta eta ez lighteratura. Ez dakit “benetazko” euskal literatura den Amurizak hemen eskeintzen diguna. Badakit ez dela oso dibertigarria, ez dela denbora-pasa, ez dela di-da kontsumitzekoa. Ez da, ez, irakur erraza, baina ez dakit zailtasun hori liburuari “leporatu”, ala irakurlearen maila eskasari “leporatu”. (Nire baitan: Duela 40 urte horrelaxe irakurtzen genuen erderaz ere, eskolan, oroitzen?, birritan, batipat esaldi luzeak zirenean; eta antologikoak buruz ikasi, beharko, “con diez cañones por banda”, herriko musika-banda zelakoan).
Uka ezina da Amurizak hizkuntza konplexuagoa dabilkiela hemen. Konplexuagoa diot, konpletoagoa ez dakit. Jasoagoa?, Bizkorragoa?, Zehatzagoa?, Bihurriagoa?…
Eztabaida emankorra pizteko modukoa, doike. Bazterrak inarrosi gogoz, doike.
1.- Adibidez, ez dizu idatziko “itzuli naiz mintzatzeko”, idatziko dizu: “itzuli naiz mintza gaitezen”. Eta ez da adierazten bitan gauza berbera; bigarrena luzeagoa da, “zailagoa” (subjuntibo madarikatua!!) baina esan nahi den hori “oso-osorik” dio, nork-zer-nori barne. (Erderaz ere: “he vuelto para hablar” edo “he vuelto para que hablemos”, ez da gauza berbera, ezta?). Neuk esanen nuke: “beldur naiz zerbait gertatzea”, eta Amuriza dio: “beldur naiz zerbait gerta dakidan”. Ez da adierazpen berbera, ez.
2.- “Elizaren doktrina inplakableak fenomenoa deprabaziotzat kondenatzeak ezin zuen ekidin” (Ufa !!, Euskañola !! . Edo agian frantzesa: implacable, dépravation, phénomène…Eta ingelesaz nola?: implacable, depravity, phenomenon…eta guk nola esan “beharko” genuke?).
3.- “Herriarentzat apaiz egin naizela badiot, diokedanez, badirake Jainkoa bigarrentzen ari naizela ulertuko dutenak”.
(Hau ez duk bada euskañola; hau euskara puru-purua duk, harrotza egiten zaidak ordea. “Un velero bergantin…”, ze kristo ote zuan hura ere orduan).
4.-
-Bakartasuna bakarrean bakarrik proba daiteke. (El cielo está enladrillado…)
-Kontzientziak askatzera nator, ez kraskatzera.
-Zeharo eta zoraro maitemindu.
-Mutil gazte txairo, haizeari bitsa ateraz.
-Haurrak ziren edozertara errazen moldagarri.
-Eta hantxe, atarte bete lagun, biribilean.
-Askaldu gose-gozo.
5.-
Elkarrizketak: gozagarriak eta ikaragarri onak iduritu zaizkit elkarrizketak, bizkaieraz emanak eta askotan hika. Nahiz eta nire euskalkian ez etorki, gozatu egin dut ateraldi-arrazoin-atarramendu horien joan-etorrian, euskara bete-betean eta gozo-gozo, hizkuntza batere behartu gabe. Nire nerabe garaietara naramate, han, San Anton ermita atarian, meza hasi zain, adinekoak eta gazteak solas korro bakarrean. Euskara indartsua eta bizia maite baduzue, ez galdu aukera; oraindik bizirik dirau (Amurizaren liburuan bederen).
7.- Eta aditza, jo, aspaldi honetan entzun ohi gabeko aditza, galdua: huskeria lirudikeen, lotsagarri gerta zekiokeen, berdintsu zerraiela, arratsaldean darraikegu, kontraste horrexek zeragien trataera, osoki datzanean, erreparoa zemostan, badiraute oraindik, hozkia damaielako, han zetzan, ohartzeke nengokeen, ezer gerta balekio, bila dihardut, ondo baderitzazu, babes premian nakuste, denborapasa baitzeritzon, informazioa damait, han baitager, sendimenduak adimenari darraizkion, patxadan narakar, sotanape etsian zerraitela, prest zegoen zekusena sinisteko, zail nekusen arren, derasa andreak garratz, diost irteeran, niosan, nekusan, darantzut, dantzut, baletor, badakark…
Itxasoari so, dio:
“Ez daukat zu zeharkatu beharrik, osorik goza zaitzadan. Ez daukazu nire bila gainezkatu beharrik, osorik murgil nakizun.Jana damaidazu. Emozioa damaidazu. Maitasuna ere baietz uste dut. Merezi izan du”.
“Proposamen” gehio ere apuntatu dizkiot. Neuk gramatikarik ez dakidanez, ezingo nituzke baloratu ze tamainako proposamenak diren, baina izan, badira:
8.- “Itsasoa ulertzen, zenaren azalera…eta zeinatiko jatorri urrunak… “.
9.- Nonon, nonork, nonoiz, nondibait, norgandibait…
10.- Dzanga,dzangatu / destamaina, desdoitasun / lelatasuna / sutsun-gozatsu / atlurtarrak / kukulutu, halakotu, neubaitatu, abegitu / jakin-mindu / trantze ez hain bai hain / lur bainoago haritz / urertzak (ur-ertzak), herrian eta alberrietan (alboko), iluntzeko eguzki erortunaren (eror) / gozatzen ariko naiz, baiki…
Olatu bat kuartelen gainetik: Eztabaida sortzeko asmotan, seguraski. Bazterrak inarrosteko gogoz eta gosez (eta haserrez), doiki.