Arrain abisalak

6

Izenburua: Arrain abisalak
Idazleak: Martin eta Xabier Etxeberria
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2009

Erdi Aroko hildakoen kondairak eta gaur egungo tabernetako parrandak abilki nahastuz, polizi eleberri original eta indartsua biribildu dute Etxeberria anaiek, leku-garai guztiz zehatzean girotua eta umore zorrotzez ondua; lagungarri izan dituzte erritmo bizia, hizkera naturala, kontagaiaren ingurua ongi ezagutzeak ematen duen sinesgarritasuna.

Subscribe
Notify of
guest
6 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Senpere 4.1

Zarauzko herri baketsuan gertakari latzak jazotzen dira; herritar ezagun batzuen heriotzek hangoak oso kezkatuta uzten dituzte, batez ere, hildakoen lagunak. Suizidioak ote dira? Istripuak? Ala hitzaileen egiteak?
Egoera ilundu egiten da XVI. eta XVII. mendeetako gertakariek XXI. mendekoekin topo egiten dutenean. Gizasemeen jukutria, parrokiaren aldameneko jauregi zaharra, San Bartolomeko sarraskia, erromes baten joan-etorriak, naufrago bat…: Etxeberria anaiek eleberri historiko beltzaren osagaiak sartu dituzte nobela honetan, pixka bat Dan Brown-en edo Arturo Perez-Reverteren antzekoa, baina heien estilo propioarekin. Elementu horiek eratzen duten korapiloa Tasio narratzaileari jarraituz saiatzen gara desegiten. Zaila da egia agertaraztea eta arriskutsua ere bai.
Nobela zoragarria daukagu hemen. Ez gara inoiz aspertzen. Biziki gomendatzen dut.

Lesaka 30.1

Gustora irakurri dut Etxeberria anaien liburu hau. Ona iduritu zait, hurbila, haundi-nahirik gabe egina. Sariaren irabazle duina izan daiteke.
Haria: Trama ez zait ikusgarria iduritu, ez da espektakularra (gaurregun emozioa eta espektakulua eta exotismoa behar ohi dugu, nork gehio). Hemen, ez ba. Hemen: pertsonai “ezagunak” dira ageri, poteoan ibili ohi diren horietakoak, poteo giroan gainera, poteoko tabernak (izen propioak eta guzti), den dena Zarauntzen bertan gertatua, urrutien Zarautz eta Getaria arteko lehen tunela. Bai, mundu ttiki horretan sartzen dira “hilketa, oinazea eta odola”; mundu ttiki horretan ematen dira gertaera misteriotsuak eta gertaera historikoak eta poliziaren peskisak eta atestatu aski benetazkoak diruditenak . Nola izan, horiek ezean, polizi eleberria?. Morbo horiek behar omen dira eta morbo hori badu, eta bukaera orduko, Tasiok (protagonista eta kontalari) tramaren korapilua “askatzen” digu, misterioa argitu, bukaeran, hala behar ere; eta ez zait batere txarra iduritu bukaera hori (bukaera horiek).
Euskara, hizkera: Ez dakit noraino goraipatu istorioa bera (polizi eleberria bikaina izateko, indar pittin bat falta zaiola, hala dio hor baten batek). Agian, bai.Ez dakit.
Baina oso ona iduritu zaidana, goraipatu nahi dudana: hizkera da, Etxeberria anaiek erabiltzen duten euskara da goraipatzekoa, zera hori, berriketaldiak eta gertaerak eta lekuak helarazteko hitz jario eta hizkuntza hori. Euskaraz pentsatu eta euskaraz kontatutakoak, esaldi laburrak, esaldi bizi biziak, eta gureak; Gureak?. Zer da hori?. Ez dakit, baina “gureak” sentitu ditut. “Gureak”, zeren “gure” modura azalduak diren, guk bizi ditugun metaforak, bertako materialaz sortutakoak…Sormen lana da hor ageri:
”Ugartek ez zuen txantxetarako gogorik. Disekatutako zezen-buru batek bezala begiratzen zidan, finko, zapi gorria ikusi ezinik”.
“Ez iezaiok buelta gehiago eman kontuari. Elkanok ere Getarian bukatu zian azkenean”.
“Harrian zizelkatutako kristoren irudiak…sabaira begiratzen zuen, handik behera gertatzen zenaz ezer jakin nahi ez balu bezala”.
“Hutsa zuen barrena, hordatzan tarteka agertzen ziren karrakela handi haien moduan”
“Hark ez zuen itxura onik…Gaur ere, espaloietako putzuek harrituta begiratzen diote zeruari, beren buruen zergatia galdetuz”…
Hori eta hainbat espresio, di-da. Gure gaztetako euskara, gaur egun kasik inun adittuko ez ditugun esamolde eta espresioak (Ezta Aia edo Ernioko erromeritan ere!;pena ere bada gero !), “eskola zaharrekoak” modu gaurkotuan emanak, elegante eta natural.
Gozatu egin dut, eta hori eskertu nahi diet Etxeberria anaiei

Irun 67.1

Motela, luzea… gehiegi. Ez zait nobela beltza gehiegi gustatzen eta oso tarteka hartzen dut baina hau ikusi nuenean interesgarri egin zitzaidan, izenburua, azala,… Hasieran gustura irakurri nuen baina gero… oso luzea egin zitzaidan.

Erratzu 14.1

Bi idazle hauek lanak jarraitzen nituen eta honetan pixkat galduta ibili naiz.Beharbada polizi nobelak sobera maite ez ditudalako. Errex irakurtzen da eta frango ongi idatzitako lana. Halere hotza gelditu egin naiz.

Azpeitia 77.4

Astunegia iruditu zait, Tasioren txapak izugarriak, hiltzailea nor zen jakiteko gogoa banuen, baina esplikazioen eta hausnarketen erdiak sobran zeudela uste dut. Euskararen erabilera gustatu zait, hori bai, oso freskoa, kalekoa, egunerokoa.

Bilbo 54.3

Polizia eleberri batekin itzuli dira Etxeberria anaiak euskal literaturara. Zarautzen girotua dago eta nabaritzen da euren herria dela. Momentu batzuetan guztiz harrapatu nau liburuak; beste batzuetan, ordea, aspergarri, hots, haria alferrik mozten zela, iruditu zait. Amaiera ustekabe handia izan da.

Laburbilduz, liburu ona, baina zerbait falta zaio bikaina izateko. Dena dena, gomendagarria.