Bizitza homeopatikoak

6

Izenburua: Bizitza homeopatikoak
Idazlea: Xabier Mendiguren
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2008

Bat bitan banatzen den bezala, erdi bi eginda dator Xabier Mendigurenen liburu hau: bi ipuin luzez edo, nahiago baduzu, bi nobela laburrez. Lehenbizikoan, Mirande liburu-dendako jabearen uda bateko ametsa harilkatzen du modu komikoan. Opor-ontzi handi batean porutik portu bidaia egin zuen 2002an Greziako uharteetaraino, eta ustekabean Bilbon amaitu zen joan-etorria, Batasuna legez kanpo utzi zutela-eta manifestazio iskanbilatsuan. Bigarrenean, Europako Parlamentuko itzulpen zerbitzuan lanean ar den Mertxeren itzulirik garrantzitsuena kontatzen da. Prostata arazoekin okerrera egin duen aita operatzera doazenean, mak telefonoz deituko dio Bruselara: berrogeita hamar urtean aitaren neskamea izaten aspertu dela eta badoala etxetik!, azkar etortzeko, ez daukala itxaroten egoteko asmorik. “Gero datorrena beti da okerragoa” gaztigatzen digu pertsonaietako batek, bizitzako bidearen erdia egina duenaren esaldi madarikatua, destino petralaren iragarle.

Subscribe
Notify of
guest

6 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Ziburu 3.1

Bi ipuinez osaturiko lana; lehendabizikoan (bizitzaren sentimendu homeopatikoa) gehien gustatu zaidana narratzaileak bere buruaz duen trufatzeko gaitasuna izan da, anekdota irringarri frango ditu. Batez ere manifarena aholkatzen dizuet, egoera larriari begirada komiko paregabea ematen baitio. Guttiago maitatu dut haatik, irakurleari etengabe ‘mintzatu’ behar hori, kontatuko duena aurretik esplikatzeko dela, edota bazter solas bakoitzari azalpena emateko dela; suposatzen dut efektu komikoa sortu nahi izan duela, baina enegan ez du lortu. Bigarren ipuinak (bizitzako garairik onena) doinu seriogagoa du; nork bere bizitzaren jabetza norainokoa duen gogoetarazten du, eta nola une batetik bestera ipurdiz gora eman litezkeen bakoitzaren hautuak. Are gehiago: gureak ote dira zinez egiten ditugun aukerak? Pertsonaia nagusiari horixe gertatzen zaio, bizimodua aldatu behar izatea egun batetik bestera. Gaiaren trataera biziki interesgarria iruditu zait; gustura irakurri dut; alta, egia erran, protagonistari ‘katastrofe’ soberasko gertatzen zaizkiola betan iduritu! Besterik gabe, gomendatzen dut liburu hunen irakurtzea, eta ez guttika, dosi homeopatikoen gisara, baizik eta klink batetan; nik hasteko hala egin baitut.

Oñati 45.2

Bi ipuinetan banatutako liburu hau oso interesgarria iruditu zait arrazoi askogatik. Lehenengo kontaketa oso irakurterraza iruditu zait eta autoreak gai arriskutsu bat erabili du. Autore mota hauek asko gustatzen zaizkit, arriskatzen den jendea gustatu egiten zaidalako. Kontserbadurismoa alde batera utzi behar da literaturan. Mundu honetan askotan zaila da arriskatzea, makilakadak jasotzen direlako literaturaren sektore batzuetatik. Hori bai, ez zait asko gustatu lehenengo pertsonan kontatzerakoan kontatzaileak behin eta berriz barkamena eskatzea. Seguraski irakurlea konektatuta mantentzeko teknika bat izango da, baina gehiegizkoa deritzot. Bigarren kontakizunean gaia ere nahiko gogorra da. Baina hala ere oso interesgarria da kontatzen dena eta 180 graduko birek, bat-batekoek, nahiko erakargarri egiten dute bigarren ipuin hau. Orokorrean asko gustatu zait liburua, kontatzeko erarengatik eta kontatutakoarengatik. Gai ugari ukitzen dira: euskal gatazka, bakardadea, familia gatazkak… Bi arratsaldetan irakurtzeko moduko liburua da.

Gasteiz 9.5

“Bizitza homeopatikoak” irakurri baino lehen Xabier Mendigurenen beste lan batzuk irakurrita nituen, esate baterako “Errautsen distira”, Errekarteko koadernoa” eta “Gure barrio 1975”. Hala eta guztiz ere, “Bizitza homeopatikoak” izan da gehien atsegin dudana. Eleberri labur horrek bi istorio bildu ditu. Zein baino zein desberdinagoak dira. Lehenengoa ia autobiografikoa da:protagonista saltzailea baita. Mendigurenek zati honetan ironia erabiltzen du, protagonistaren bizitza aipatzeko. Baita kritika ere; “Bizitzaren sentimendu homeopatikoa” izeneko atalean bai eskola, bai Opus Dei, bai unibertsitatea kritikatzen ditu idazleak. Horrela 28. orrialdean irakur daiteke:”Zergatik irauten du sistema feudal horrek? Zergatik ez du inork salatzen?”. Bigarren zatian pertsonaia nagusia emakume bat da, Mertxe Oiartzabal, hain zuzen ere. Hirugarren pertsonan kontatuta dago. X. M. Elizegik tentsio handia ematen dio narrazioari. Bukaera gailentzen da, hunkigarria baino hunkigarriagoa da-eta. Amaiera irakurtzean negar egiteko zorian egon nintzela aitortu behar dut. Egileak irakurlearekin hitz egiteko erabiltzen duen formula aipatzekoa da orijinal-orijinala baita. Adibidez: “Irakurle fidel horrek, irakurle maite horrek, irakurle zinzo horrek…” Hala 10 adjektiboi daude asmatuak.

Galdakao 55.1

“Bizitzaren sentimendu homeopatikoak” eta “Bizitzaren garairik onena” dira Xabier Mendigurenek aurten idatzi dituen bi ipuin luzeak edo agian eleberri laburrak. Lehenengoa ironia eta humorez beterik narrazioa da, unibertsitate eta argitaletxeen pasadizo ilun eta kritikagarriak. Bigarrena, tragedia eta drama. Biak Euskal Herrian kokatuak. Erraza irakurtzeko biak. Nire ustez bizitzaren aldaketan datza ipuin arteko lotura bakarra. Lehengoa ia aitortza bezala, gizon nahiko neurotiko batek kontatzen digu nola aldatu dela bere bizitza sari batekin eta bigarrenean emakume bati nola hasi zitzaion, bilatu gabe, bere bizitzaren aro berria eta konplexuagoa. Xabier Mendiguren Elizegik idazkera menperatzen du. Idazkera polita, erraza eta aberatsa. Eta agian inportantena: pertsona arruntei zuzenduta. Drama edo Ironia. Bi egoera posibleak dira gure artean, denok ezagutzen dugu eleberri honetan protagonista izan zitekeen norbait. Balorazioa:Oso Ona

Las Karreras 57.1

Bi istorio bitxi aurkitzen ditugu liburu honetan. Lehenengoa umore ukitu batekin idatzia eta bigarrena nahiko latza eta tristea. Gustura irakurri dut liburua, Mendigurenek idatzitako guztiak bezala.

Zizurkil 26.3

Oso gustura irakurri ditut bertan kontatzen diren bi ipuin luze edo bi eleberri motzak. Autoreak bakoitzean bi estilo desberdin erabiltzen ditu, bata bestearengandik ederki nabarmentzen direnak. Lehenean, protagonista baten azalean jartzen gaitu eta istorioaren partaide egiten gaitu denboran zehar atzera eta aurrera saltoka dabilen bitartean. Irakurlearekin halako elkarrizketa bat mantentzen du, nolabait jarri behar zaion arreta saritu nahiko balu bezala edo bestela, irakurlea gehiegi neka ez dadin, pazientzia gal ez dezan. Hasieran inongo harremanik ez duten puzzle baten zatiak erakusten ditu eta orriak iragan ahala, irakurlea istorioaren mamiaz ohartzen doa, umore finean oinarrituz gaur egun bizi garen gizartearen (laikoa edo) kritika latza jasotzen duen bitartean. Bigarren eleberria, gizartearen kritikaz gain pertsonen sentimendu eta pentsamenduetan sakontzeko erabili du eta horretarako, kasu honetan, aurrekoan ez bezala, emakumea du protagonista. Bizitzak ematen dituen ezustekoak ageri dira, nahiko era gordinean gainera. Errealitate hau ere oso ongi islatzen du, edonor izan baitaiteke istorio honen antzezlea.