Alsina

5

Izenburua: Alsina
Idazlea: Xabier Mendiguren Elizegi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2016

Emakume bat, Estatu Batuetatik Euskal Herrira datorrena, 1980 hondarrean. 40 urte lehenago, emakume horrexen gurasoak ziren, gerratik ihesi, Frantzian barrena Amerikara zihoazenak. Bi istorio, Alsina izenak lotuak eta gure herriaren historiako une giltzarriekin korapilatuak. Bai hizkera bai kontaera malgutasun eta maisutasunez darabiltza idazleak, abil eta jostalari, irakurlea eleberrian sartu eta bere gogoeten partaide bihurtuz, kontakizunaren eraikuntzak dituen arazoez, batetik, eta euskal gizartea azken 30 urteetan baldintzatu duten gertakari nagusiez, bestetik.

Subscribe
Notify of
guest

5 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Zalla64

Hasieran nahastu samar ibili naiz, nondik norakoari ezin eutsiz; goxatu egin dut gero, bai bi istorioen garapenaz eta kontakizunaz, bai eta idazleak aukeratutako narratzeko moduaz; amaierak zapuztu egin du goxamena, azkarra, baldarra eta ez gatzik ez piperrik ez duelako. Orokorrean, nobela interesgarria da, ene aburuz, eta, nahiz eta idazleak berak orain dela urte asko hasi zela idazten aitortu duen, gaurkotasunik ez du galdu.

Urnieta 49.2

Gogoko izan dut beti Mendigurenen idazkera, bereziki iritzi zutabegile gisa azaldu izan duena, eta beti izan naiz bere eleberri “handiaren” zain. Oso itxura ona hartu diot Alsinari puska on batean, eleberriaren mataza interesgarria bezain jostagarria iruditu zain Mendigurenen estiloa, baita paraleloan garatzen dituen bi istorio edo biografiak. Baina azken aldeak eta amaierak hautsi egin nau, zapuztu, besterik itxaroten nuen. Berriz ere, Mendigurenen eleberri “handiaren” zain jarriko naiz.

Bilbo 54.3

Oso liburu interesgarria da Xabien Mendigurenen azkena. Oso berritzailea da formaren aldetik eta oso interesgarria argumentuaren aldetik. Formari dagokionez, irakurleari gauzak esplikatzeko erabiltzen duen teknika oso berritzailea da. Izan ere, etengabe dago irakurlearekin hizketan, gauzak aurreratzen ari dela edo gerorako utziko dituela azaltzen, liburuari berari buruz iruzkinak egiten, etab. Istorioa bapatean amaitzeko era ere oso trebea izan da. Argumentuari dagokionez, oso interesgarria dela esan behar dut, Alsina ontziaren bidaia, Alsina emakumearen bidaia eta bi politikoren arteko bazkaria maisuki tartekatzen dituelako idazleak, eta, hortaz, inoiz ez da interesa galtzen. Azkar irakurri dut liburua eta penaz geratu naiz luzeagoa ez izateagatik eta Alsina eta Monzonen arteko bilerari buruz ezer ez irakurtzeagatik. Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau, Xabier Mendigurenen onenetarikoa baita.

Azkoitia 76.1

Oharra: egileari kritika hau ez irakutzeko gomendioa egiten diot.
Azken boladan nahiko kritika negatiboak egiten ari naiz: egurra Harkaitz Canori, egurra Joxean Agirreri, egurra Saizarbitoriari… Horren ondorioz, azken hiru-lau urteetako bozketetan zuriz bozkatu dut. Aurtengoan zalantzan nengoen, berriro zuriz bozkatu ala Juan Luis Zabalaren ‘Txistu eta biok’ liburuaren alde egin, baleko liruburua iruditu zitzaidalako, baina ez erabat bete ninduena.
Horretan, Gaboneko oporretatik bueltan, udal liburutegiko liburu berrien apalategian Xabier Mendiguren Elizegiren ‘Alsina’ liburua ikusi nuen. Oraindik hirugarren liburuaren kritika egitea falta zitzaidanez, hartu egin nuen.
Liburuaren hasierak harritu egin ninduen, narratzailea irakurleari zuzentzen zaion moduagatik, baina gustatu zitzaidan. Hala ere A eta B-ren atalek jokoz kanpo uzten ninduten. Zertarako txandakatzen ditu istorio nagusia eta A eta B-ren arteko bazkari hori? Soberan zegoela iruditzen zitzaidan, nahikoa zela Alsinaren itzuleraren atal interesgarriekin. Gero bazkariak bere pisu propioa hartzen du, eta bestearen osagarri dela argi ikusten da. Batak Gerra Zibilaren ondorengo ihesaldian kokatzen gaitu, besteak 80ko eta 90eko hamarkadetako giro politikoan (ala nahiago baduzue, politiko-militarrean). Gainera amaieran lotura nahiko borobila lortzen du, nik inondik inora espero ez nuena.
Laudorioren ondoren, egurra: barkatuko ez diodana da presakako bukaera hori. Ez dakit zein orritan (bukaeratik gertu dela gogoratzen naiz) “oraindik asko falta da irakurle” edo zerbait antzekoa irakurri eta orri gutxiren buruan amaitzea lotsagarria iruditu zait. Ondo dago lau edo bost mila orrikoa ez idaztea, liburuak pisu gehiegi hartuko zuelako, baina liburu honek gutxienez beste ehun orri beharko lituzke.
Hori ezingo denez egin, konpontzeko modu bakarra egongo litzateke: Alsina II idaztea.
Gaur bertan itzuliko dut udal liburutegira liburua, eta liburudendara joango naiz erostera. Berrriro irakurri nahi dut patxadaz, gustuko hitz joko eta esaldi/ateraldiak azpimarratu ondoren nire liburu kuttunen apalean gehitzeko.
Eta kontuz, Xabier, egunen batean ikusiko zaitut eta liburua sinatu beharko didazu!!!

Gasteiz 9.5

Epilogoan, Xabier Mendigurenek izkiriatzen duen moduan “1997an eleberri hau idazten hasi zen. Bi istorio lotu nahi zituen: Alsina itsasontziarena,1941ean eta bestea 1981eko otsailekoa. Arazo horrek irtenbide errazik ez zeukanez, bertan behera utzi zuen proiektua orain arte”.
Gauza antzekoa niri gertatu zitzaidan. Gogoz irakurtzeari ekin nion, baina 93. orrialdean blokeatu egin nintzen. Dena den, jarraitu nuen argudioa eta estiloa laket nituelako. Eskerrak 175an plazera berreskuratu nuen.
Oso liburu konplexua da, estilo originala baino originalagoa erabiltzen du-eta. Adibidez, bi itxura dauzka: lehenengoak forma tradizionala du, kontalari bat dago Alsinaren istorioa kontatzen; bestea eztabaida modukoa da baina protagonistek ez daukate izenik, ezpada A et B. Gainera, gai asko aipatzen dira eleberri honetan: gerra zibila, bigarren mundu gerra, film batzuk, besteak beste Casablanca, futbola, hainbat filosofo: Aristoteles, Socrates eta abar.
Nire aburuz, liburuak erritmoa berreskuratzen du Telesforo Monzonen bizitza idazten denean. Handik aurrera testua animatu egiten da 1981eko ekintza kulturalak eta politikoak agertzen direlako.