Izenburua: Golgota
Idazlea: Xabier Montoia
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2008
Urteetako herra sufrituko du Felisak, aita eta ahizpa hil zizkiotenen gogaideek beren gorrotoaren biktima egingo baitute geroan ere. Moja sartuko da Felisa, ahizpa Elena bihurturik errukia eta barkamena ezagutuko dituelakoan, baina maitasunaren lekuan
bazterkeria bihozgabea jasango du berriz ere.
1936ko udan hasi eta XX. mende amaieraraino luzatzen den istorio lazgarria idatzi du Xabier Montoiak; fintasun psikologiko harrigarriz eta leunkeriarik gabeko idazkera gordinez, gizakiaren xalotasuna eta ankerkeria bere biluztasunean erakutsi dizkigu
egileak. Ahaleginak ahalegin, bizitza oro den borrokaren alferrikakotasuna, beharbada.
Asko gozatu dut liburu honekin. Fededun den orori gomendatzen diot, ez bere pentsakera aldatzeko baizik eta hausnarketa sakon bat egiteko. Felisaren azalean jarrita, are gorragoa zaigu familia laikoa izanda bizitza guztian fedea horren irmo mantendu duen pertsona batek zergatik hartu duen bide hori ulertzea. Ia liburu guztian bizkarra ematen dion bizitzari zein erlijioari aurre egiteko une oro ezaugarri onak bilatzen saiatzen da baina errealitateak bestelakoa erakusten dio, nahiz eta Felisak Jesusek esandako doktrina bere osotasunean aurrera eraman. Galdera asko dauzka (geuk geure buruari egin beharko genituzkeenak) eta erantzunak, ordea, gutxiegi.
Era berean, gerra zibilaren garaia oso ondo dago islatua, eta tamalez edozeinen istorioa izan zitekeen gertaera hartzen du abiapuntutzat. Errealitateko zenbait arlo kritikatzeko erabiltzen du erlijioa, familia, boterea, militantzia, . . .
Liburu atsegina, oso ondo idatzia eta hunkigarria erabat.
Akademiaren webgunea ia lehenengoz baliatu dudan honetan akademiakideek liburuaz diotena gustura irakurri dut. Egia esan, niri izugarri gustatu zait liburua. Agian, Pakistangoa luzeegia gerta liteke, baina horrek pertsonaian barneratzen laguntzen duela iruditzen zait. Niri ere arinagoak, interesgarriagoak egin zaizkit gerra zibilaren ingurukoa eta Franco hil ondoreneko pasarteak, baina, nago, pertsonaiaren munduagatik baino gureagatik izan dela. Zaila egiten da Felisaren lekuan jartzea. Felisaren drama, Gorriaren alaba izatearena, muturreraino eraman du Montoiak; askorentzat itxuraz, behintzat, oso interesgarria gerta ez litekeen pertsonaia batean ardaztuta eta, hori gutxi balitz bezala, elkartasunaren baloreak puri-purian ez dauden honetan, zer pentsatua ere sortzen du. Non dago Stalin?ekin hasita Golgotaraino eraman gaituen M-Akeko abeslariaren bideak jarrai dezala luzaroan!
Aspalditik nekien Xabier Montoia idazle ona zela eta kantaldiak ere emanak dituela kantuekin eta poesiekin.Oraingo liburu honekin harrituta utzi nau zein ondo idazten duen eta arazotegi horren guztiaren hariari nola eusten dion, beraz oso komenigarria irizten diot literatura zaleek liburu hau irakurtzea.
Ados Gernikarraren iritziarekin. Liburu honen hasiera bikaina (egoera gogor, gordin, kupidagabe bat kontatzeko modua) bada ere, moja garaian deskribatzean, testuak intentsitatea galtzen du, gauza batzuk gehiegi errepikatzen ditu. Amaieran berreskuratzen du tonua, baina motz gelditzen da. Bizkorregi ixten du istorioa eta gehiagorako ematen du. Aukeran, aurreko liburu batzuk (Euskal Hiria sutan edo Elektrika) gurago.
Liburu honekin Xavier Montoiak bizitza oso baten testigantza hunkigarria eskaintzen digu. “Gorria”ren alabaren bizipenak, zalantzak, arbuioak, duintasuna eta abar islatzen du maisuki idazleak. Espainako Guda Zibilean hasita, “gau madarikatu” pasadizo hunkigarritik gaurko “demokrazia”raino luzatzen da eleberri hau. Neskato izan zen Felisa bere aitaren bila etorri zirenean eta bere bizitza da narrazioaren ardatza, beti gertaera hori sartuta bere pentsamenduan. Hasten zarenean gelditu egin gabe irakurri behar duzu. Irakur erreza, hizkuntza politaz, lan bikaina izan da, niretzat behintzat, Montoiarena. Agian sinesgarritasuna, bereziki Pakistanen Felisa nozitu duen egoera, izango litzateke aipatzeko ahuldade bakarra baina eleberri “borobila” dugu aurrean. Lehenengo orriek hain hunkigarriak direnez ia ia malkoak sortarazten dizkigute. Deskribapen bikainak, prosa sakona, bere gordintasunean kontatzen digu bizitza baten – edo ez?- alferrikakotasuna. Eliza, demokrazia, tratu txarrak eta beste gaiei buruz gogoeta sakona proposarazten digu nobelak pasarte batzuetan. Felisak esan zuena: “….Orduan baino ez nuen konprenitu haren benetako izaera: beldurra izateaz gain, Jainkoa ahaztura ere bada. Ahaztura batik bat. Horren aurka aritu naiz ni kontu kontari.” Hala bedi.
Gerra zibilaren gaia oso landua izan da euskal literaturan eta liburu honen ikuspuntua irakurri aurretik iruditu zitzaidan baino originaltasun gutxiago aurkitu diot. Xabier montoiaren liburu hobeak irakurri ditut.
Beti gustatu izan zait Montoia, bai musika munduan aritzen denean ( taldean nola bakarlari moduan ) nola eskribitzerakoan. Horiek nere lehendabiziko aitortzak bere azken nobelaren inguruan. Iaz harritu xamarrak gelditu baginen Euskal Hiria Sutan errelatu motzen aitzinean ( neri behintzak harigarria, eta lan sendoa iruditu zitzaidan ) oraingo honetan emozionatuta utzi dit. Emozionatuta eta penatuta : zergatik da hain motza ?!.Lan sendoa, trinkoa, gordina, kupida gabekoa, … emozioz betetako eleberria dudadik gabe. Azkeneko parrafoetan dioen bezala : “Oroimenaren iturritik edaten dugu, eta oinazearena da horri darion ur beltza”. Zorionak Xabier, bertzerik ez.
Xabier Montoia idazle onetenetarikoa dugu. Golgotaren idazketa maisulana izan da. Hala ere, nik baino lehen idatzi duen gasteiztarrarekin bat etorriz, luzea egin zait mojaren bizitzaren pasartea, Pakistangoa batez ere. Gerra zibilaren gaiak gehiago eman zezakeen eta moja izateari utzi, eta gerokoa oso motz gelditzen da, Franco hil aurretik orain artekoa oso orrialde gutxitan kontatuta dagoelako. Beraz, idazketa bikaina, baina argumentu ona bakarrik.