Fucking artists

4

Izenburua: Fucking artists
Idazlea: Xabier Montoia
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2010

Hamar ipuin batzen dituen liburu hau ez da berez bilduma tematiko bat, Xabier Montoiak hainbat gai, garai eta lekutan girotu dituen istorioak baizik: Jaurlaritzan sartu berri den emakume batek bizkartzainarekin izandako gorabeherak, futbol profesionalean arrakasta izatearekin amets egiten duten gazte batzuen historia, biak langabezian geratzen diren bikote gazte batek etxea ez galtzeko asmatu behar
dituen komeriak, etxeko abusu sexual zahar batek oroimenean utzitako zauriak, Tennessee-n barrena musikari ezezagun baten bila egindako txangoa, egungo Uzbekistango kontzentrazio-esparru bateko izugarrikeriak…
Kontagai eta kontamoduen aniztasunaren azpian, egileak ohi duen begirada zorrotza eta idazkera doia nabarmentzen dira, gozotik baino gehiago garratzetik daukaten ipuinotan; betiko galtzaileen samina, irabazle ustekoen porrota, ilusioen zaputza, harremanen endekatzea, gorputzaren morrontzak, denboraren miseriak … elementu horiek osatzen dute, une eta gune jakin baten erretratua ez ezik, baita gizonemakume zenbaiten erradiografia ere.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.7

Xabier Montoia ipuinetara itzuli da. Eta igarri da. Beste ipuin liburuen antzera, ona da liburua, nahiz eta akaso ez heldu Euskal Hiria sutan eta beste batzuen mailara.
Betiko legez, gordina da Xabier, gordina eta zuzena. Egunerokoari lotutako ipuinak dira denak, krisiari eta eguneroko miseriei. Eta eskertzen dira halakoak. Bene-benetan.

Gasteiz 9.5

Nahiz eta liburu hau ez den lehenengo txanda pasatu, eta horren ondorioz ezin diogu gure botoa eman izango, bere irakurmena gomendatu nahi nuke. Lehenik eta behin erraz irakurtzen delako: hamar ipuin dira, zein baino zein ezberdinagoak. Hainbat pertsonaia, hainbat gai, hainbat leku eta hainbat garai aipatzen ditu idazleak.Bestalde, Montoiak ironiaz eta humore beltzez baliatzen da errealitatea deskribatzeko eta kritikatzeko Bigarrenik, oso ondo idatzita dagoelako: plazer bat da irakurtzea. Gainera, irakurketak egiturak eta hiztegia lantzeko balio du. Hirugarrenik, estilo aldetik, ipuin bakoitza ezberdina da. Adibidez “Etxeko lana” izenekoan esaldi motzak eta elkarrizketa gailentzen dira. Hala ere, “Izorratuta” delakoan ez dago punturik, ezta puntu eta bereiz ere. Hamabost orrialdetan datza eta dena jarraian izkiriatuta dago, Frantziako Nouvel Roman izenekoaren erara. Azkenik, ipuin batzuk gogorrak badira ere “Fucking artists “ irakurtzea merezi du. Izan ere,nire aburuz, Xabier Montoia idazlea on-ona da.

Gasteiz 9.11

Beste batzuetan bezala, kontakizun sorta batekin etorri zaigu aurten Xabier Montoia. Langa oso goian utzi zuen Euskal Hiria sutan idatzi zuenean eta horregatik liburu landuago bat espero nuen. Ez da horrela izan. Hala ere, horrekin ez dut adierazi nahi liburu txarra denik. Ezta hurrik eman ere! Ona da, baina zertxobait urrundu da aurreko idazkeratik. Oraingo honetan, estilo zuzenago, ulerterrazago batera jo du, bere aberatsean. Deigarria egiten zait euskara batukoak diren baina muturreko euskalkietan, hots, bizkaieraz eta Iparraldeko hizkeretan, ia bakarrik erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak elkarrekin irakurtzea, nire ustez naturaltasuna galtzen delako. Hala ere, tentsioari oso ondo eusten dio narrazio guztietan.
Jorratu dituen gaiak oso ezberdinak dira, gehienak hurbilak (maitasuna, sexu jazarpena, fideltasun eza, pedofilia, eta abar), baina ezohikoak ere bai, hala nola Uzbekistaneko marrazkilariaren istorio hunkigarria. Gehienetan, ustekabeko garapena eta amaiera aurkitzen ditu kontakizunerako. Adibidez, Dominikar Errepublikan dauden euskal irakasleen ipuinean. Guztietatik bat nabarmentzekotan, liburuari izena ematen dion istorioa nabarmenduko nuke, mitozale baten uste sendoak zelako oinarri ahulak zituen kontatzen duen hura, alegia.

Bilbo 54.3

Xabier Montoia itzuli da euskal literaturara eta, beti bezala, liburu bikain bat ekarri digu. Hamar narrazio ditu liburuak eta gehienak oso onak dira. Nik bi azpimarratuko nituzke: Fucking Artists izenburua duena eta lehenengoa, Adonis ehiztaria izenburuduna. Beste behin, euskal idazlerik onenetarikoa dela erakutsi digu Montoiak. Beraz, guztiz gomendagarria liburu hau.