Taxiak ez dira inoiz gelditzen

2

Izenburua: Taxiak ez dira inoiz gelditzen
Idazlea: Xabier Montoia
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2021

Zenbateraino markatzen dituen halabeharrak gure bizitzak. Horixe Xabier Montoiaren ipuin liburu berria gurutzatzen duten galderetako bat. Gaztetxo bat lehen aldiz maiteminduko da, izeba-osaben etxean ama noiz etorriko zain dagoela; harriek sufritzen ote duten galdetuko dio bere buruari Geologia ikasle batek ezbehar baten ostean; barruko zaratari aurre egin nahi dion emakume batek eguzkia gurtzen duen komunitate batean bilatuko du bakea; harreman gatazkatsua hasiko du dealer batek kirurgia estetikoaren erregina batekin; lagun talde batek mendeku hartu nahiko du jasandakoagatik, baina ondorioek gainezka egingo diete…

Bi ahots irakurriko ditugu liburu honetan: hainbat kolpe bizi izan dituzten bi emakume dira, behin baino gehiagotan zerotik hasi behar izan dutenak, aukera hobe baten bila. Baina taxiak ez dira inoiz gelditzen, are gutxiago galtzen ere traketsak direnentzat. Eta geldituz gero ere, batek daki zer ekarriko duten berekin.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.5

Asko kostatzen zait ipuinak irakurtzea. Nahiago ditut eleberriak, zenbat eta lodiagoak izan, orduan eta hobeto. Ipuin bakoitzak ahalegin berria eskatzen du; eleberrian, berriz, hasieran bakarrik egin behar duzu esfortzua.

Xabier Montoiaren liburu batzuk irakurri ditut, ‘Azken afaria’ eta ‘Fucking artists’ besteak beste, eta inoiz ez dit huts egin. Hamar narraziok osatzen dute ‘Taxiak ez dira inoiz gelditzen’ izeneko hau.

Lehenengoan eskolako lehen urteez hitz egiten da eta protagonistaren lehen maitasunaz. Bigarrenean, ‘Tea ilobarekin’ izenekoan, pertsonaia nagusia haurdun geratu eta aitaren laguntzarekin abortatzen duen neska bat da. Osaba ere laguntzeko prest dago.

Hirugarrenean, ipuineko heroiak, ikasle batek, ez daki zer ikasi. Berarentzat garrantzitsuena familiatik beste hiri batera joatea da. Herrira itzultzen denean, aita hilkutxa batean ikusten du, eta harriek sufritzen ote duten galdetzen dio bere buruari.

Ez ditut irakurleak aspertu nahi kontakizun guztiak laburbilduz. Hori irakurlearen lana izango da, baina esango dut testu hau gustatu zaidala. Lehenik eta behin, emakumeak haien bizitzaren protagonistak direlako: batzuek beren herritik urrutira joan nahi dute ikastera, independentzia lortzeko. Bigarrenik, literaturaren eta bizitzaren gai garrantzitsuenak jorratzen direlako: heriotza eta suizidioa, oso modu positiboan eta pedagogikoan.

Beste behin ere Gasteizko idazleak liburu on bat idatzi du.

Bilbo 54.3

Oso liburu ona Xabier Montoiaren azkena. Hamar ipuin daude liburu honetan eta oso onak dira gehienak. Emakumeak dira ipuinen narratzaileak eta protagonistak eta ez du ematen kosta egin zaionik idazleari emakumeen buruetan sartzea. Aitzitik, dena oso naturala ematen du.
Oso ondo idatzita dago liburua, normala denez Xabier Montoia izanik idazlea, eta azkar irakurtzen da. Amaitzean oso zapore ona utzi dit.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau eta hurrengoaren esperoan geratzen naiz. Ea azkar hetzen den.