Teresaren mendekua

1

Izenburua: Teresaren mendekua
Idazlea: Xan Idiart
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022

Argi zirrinta agertzen da Santa Klara uhartearen gibelean. Eguzki izpiek ezpatak dirudite. Hodei arrastorik ez zeruan. Inor pasalekuan. Inor hondartzan. Donostiarrak lo daude oraindik. Itsasgora. Sudur aitzinera heldu zait ura, probokatzaile. Zipriztinek masailak bustitzen dizkidate. Anttonenak ere bai, eta horrek alaitzen du haurtxoa. Salto txikiak obratzen ditu nire besoaren zuloan. Handiak berriz, zutitu eta uretara sartzen naizenean. Ez dut inoiz hain alegera ikusi. Lehen aldia da hondartzara eramaten dudala. Horregatik. Belaunetaraino daukat ura. Haizea baino aise hotzagoa den arren, jadaneko ez dut ezer sentitzen. Kresalaren usaina kulunkagarria zait. Sabela bustia. Ez du balio aurrerago joatea. Itsasoan hogeita hamar metrotara sartua naiz jadanik. Anttonen irriak eten dira. Hurbilegi deritzo urari. Asaldatzen hasi da. Niregana itzultzen da, begi beldurtiz. Ama ahoskatzen du berriz, erreguka. Baina nik, erraten didanari elkor, ahal bezain urrun botatzen dut semea. Irakurleak denetariko istorioak kontatzen dituzten hamalau ipuin aurkituko ditu liburu honetan. Batzuk mundu distopiko batean kokatuak direlarik, beste batzuk umorez josiak dira. Orokorrean, mugarik ezagutzen ez duen irudimen aberats baten emaitzak dira.

Subscribe
Notify of
guest
1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu interesagarria Xan Idiarten lehenengo hau. Iparraldeko mutil hau berriki agertu da euskal literaturan eta etorkizun oparoa izan dezakeela erakutsi du.

Hamalau ipuin ditu liburuak eta gehienak oso onak iruditu zaizkit; beraz, gozatu egin dut irakurketarekin. Gainera, nahiz eta Iparraldekoa izan idazlea, erabili duen euskara oso ulergarria izan zait gehienetan, eta eskertzekoa da hori.

Luzea da liburua eta hori asko gustatu zait. Izan ere, liburu ona bada, eta hau bada, nahiago dut gehiago irautea nire eskuetan eta ez egun bakar batean amaitzea.

Ondorioz, gomendagarria da liburu hau eta Xan Idiarten hurrengo liburuen zain geratzen naiz, ea baiesten duen liburu honetan erakutsi duen, hots, idazle ona izan daitekeela.