Lurraldea eta herria

2

Izenburua: Lurraldea eta herria
Idazlea: Eneko Bidegain
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2018

Atzo, gaur, bihar Herri bat lurralde batean gorpuzten da, lurralde horretan eraikitzen da herriaren identitate kolektiboa eta kultura. Herritarrek hori defendatu nahi izaten dute, eta horretarako boterea hartzen dute, lurralde hori eta lurralde horretako kultura kudeatzeko. Hortik dator Estatua. Inguruko estatuen egarriaren ondorioz, herri baten lurraldea eta boterea mehatxatuta egon litezke, eta horrekin, kultura, hizkuntza eta identitatea. Euskal Herriko lurraldearen kudeaketa, Gobernua, ez dago euskal herriaren esku, Nafarroako erresuma, historikoki sortu eta eratu zen eta beti bizirik dagoen Estatu propioa, konkistatu zutenetik. Boterearen galtzeak eta lurraldearen zatiketak eragin dute euskal kontzientziaren ahultzea. Azken urte eta hamarkadetan areagotu da zatiketa administratiboaren eragina, herriaren batasunaren eta kohesioaren kaltetan. Liburu honetan lantzen dira lurraldearen batasunaren garrantzia, Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika, herriaren askatasun eta batasun egarria eta gaur egungo egoera administratiboak sortzen duen egoera arriskutsua, izan euskaldunen arteko harremanetan, kulturan, kirolean, erreferentzietan, hedabideetan, azpiegituretan, ekonomian, irakaskuntzan, zerbitzuetan eta abar. Halaber, oinarri edo abiapuntu batzuk proposatzen dira, herria hobeki artikulatzeari begira.

Subscribe
Notify of
guest
2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Azkoitia 76.1

Ez dut saiakera gehiegi irakurtzen, baina saiakera guztiak Eneko Bidegainenak bezalakoak balira, askoz gehiago irakurriko nituzke.
Liburua oso erraz irakurtzen da, nahiz eta lehen zatia zertxobait astuna izan.
Lehen zatia Euskal Herriaren/Nafarroaren historia politikoaz da. Erreinuen arteko eta euskaldunen arteko barne borrokaren zerrendatzea. Nahiz eta ez izan oso ariketa gustagarria, gaur egungoa hobeto ulertzeko ezinbestekoa.
Bigarrena, eta interesgarriena, gaur egungo egoeraren argazkia. Euskal Herriaren zatiketa eta urrunketaren adibide ugariz josia. Arreta berezia ipintzen dio Hegoalde/Iparralde egoeraren alderaketari, bi errealitateak oso ondo ezagutzen ditu. Bigarren zati hau irakurtzean konturatu naiz zenbaterainoko espainolak garen Hegoaldekoak eta frantsesak Iparraldekoak.
Hirugarren zatian (Etorkizuna) hemendik aurrera egin beharreko zertzelada batzuk aipatzen ditu. Batzuk besteak baino egingarriagoak. Egileak independentzia aldarrikapen zatikatuaren aurka egiten du, hor eta beste hainbat proposamenetan eztabaida sortu daiteke. Baina uste dut bere helburu nagusiena hori dela, euskaldunon artean eztabaida sortzea.

Eibar 101.1

Ezinbesteko saiakera ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko historiako eta oraingo loturak eta desloturak konprenitzeko. Oso erraz irakurtzen da eta benetan asko ikasten da. Gainera, Eneko Bidegainek bere ezagutza handitik Euskal Herri batu sinboliko baterantz pausoak emateko egiten dituen proposamenak orijinalak baina errealistak eta egin daitezkeenak dira. Gure agintari politikoei liburu hau oparituko nieke zalantzarik gabe.