Izenburua: Euskalia
Idazlea: Mikel Alvarez Sarriegi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022
XXIII. mendean euskaldunek gidatzen dituzte unibertsoko hamaika galaxiak, ehunka merindade eta milaka planetak, eta inoiz, inon ezagutu gabeko zorion eta ongizarte maila gozatzen dute bertako biztanleek oro.Alabaina, beti dago matxinkontra petralen bat. Muturgogor barrutian, garai bateko espainiar kultura eta hizkuntzaren gailentasuna berreskuratu nahi lukete erresistentziako kideek, eta hori lortzeko estrategia pentsatu dute: XXI. mende hasierara bidaiatu, iraultza handia abiatu zen unera, eta hura posible egin zuten gertakariak zapuztu. Zientzia Fikziozko kontakizun jostalari, lotsagabe eta zirikatzailea ondu du Mikel Alvarez Sarriegik Zubikarai bekaren laguntzaz idatzitako bere lehenengo nobela honetan, hango eta hemengo film, telesail eta komiki kuttunei hamaika keinu eginez eta euskal irakurleari irria piztuko dioten beste hainbat erreferentzia eskainiz, dela adarjotze, dela omenaldi.
Oso interesgarria Mikel Alvarezen lehenengo liburu hau. Zubikarai saria eskuratu zuen 2021ean eta oso merezita irabazi zuela esan dezaket lasai-lasai.
Zientzia fikziozko lanak oso urriak dira euskal literaturan eta horregatik harritzekoa da hasiberri batek horrelako generoa aukeratzea. Baina eskerrak eman behar dizkiogu hori aukeratzeagatik, liburua bikaina delako.
Oso ondo harilkatuta dago argumentua eta ez da inoiz galtzen interesa. Erritmo bizia da eta thriller generoko ukitu asko ere baditu. Ondorioz, ezin da liburua utzi ia amaierara arte.
Idazleari zer edo zer aurpegitzearren, gaztelaniazko pasarte asko egotea da aurpegiratuko niokeena. Liburu honetan barkagarriagoa da horrelako hautua, erdaraz hitz egiten dutenak gaztelaniaren aldeko ekintzaileak direlako, baina gaztelania euskal liburuetan irakurtzen dudanean beti pentsatzen dut Iparraldeko irakurleengan. Gaztelania jakin ezean ezin izango dute liburu hau irakurri, eta pena da.
Hala ere, biziki gomendatzen dut Euskalia liburua eta zorionak ematen dizkiot Mikel Alvarezi.