Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2007ko apirilaren 17an aurkeztu zuen 111 Akademia Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, euskal literaturzaleen lehenengo akademia. 2007ra arte Beterriko Liburuko Epaimahai Orokorrean zeuden epaimahaikideak 111ko akademiakide izatera pasa ziren, eta horiekin batera, Euskal Herri osoko beste hainbat lagun ere Akademiako kide egin dira. Une honetan 111 Akademiak 193 akademiakide ditu; beraz, orain zazpi urte jarri zuen 111 akademiakidetara iristeko lehen helburu hura bete du.
111 Akademiarekin, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna apurka-apurka euskal literaturzaleen arteko lan eta harreman egitura bat sortzen ari da. Modu horretara, akademiako kide den irakurlea euskal literaturaren irakurketa hutsa egitetik inplikazio maila handiagoko ekimen batean parte hartzera pasatzen da. 111 Akademiako kideak irakurle arruntak dira eta ez idazle, literatur aditu edo kritikoak. Zentzu horretan, 111 Akademia euskal literaturzaleen artean dagoen errealitatearen ispilu da, herritar irakurlea islatuz. 2007an Epaimahai Orokorra ordezkatu zuenetik, 111 Akademia da urtero 111 Akademiaren Saria (2011. urtera arte Beterriko Liburua saria izandakoa) hautatu eta ematen duena. Sariaren hautaketaz gain, 111 Akademiak urte osoko lan-egitaraua prestatzen du akademiakideentzat.
Jarraian azaltzen diren hauek dira 111 Akademiaren ardatzak:
111 Akademiaren Saria (1996)
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Beterriko Liburua izeneko ohorezko literatur aipamena edo saria 1996. urtean sortu zuen, Beterri-Aiztondo eskualdean euskal literaturzaletasuna suspertu eta bultzatzeko asmoz. Helburu nagusia honakoa zen: euskal literaturgintzak urtero eman ohi duenetik liburu bat edo gehiago irakurtzen zuen herritarrari literaturgintza horren inguruko ekimen batean parte hartzeko aukera ematea, irakurle soil izateari utziz. Literatur aipamen honen helburua urteko obrarik gogokoena hautatzea da, irakurleen artean gehien gustatu den obra, hain zuzen ere. Horretarako, hasieran Epaimahai Iraunkorra sortu zen eta 2000. urtean Epaimahai Orokorra; aipatu bezala, 2007an 111 Akademiak bere gain hartu zuen Epaimahai Orokorraren ardura hori. Bestalde, 2012. urtean sariari izen berria jarri zitzaion, 111 Akademiaren Saria. Izan ere, sariak bere hastapeneko urteetan zuen eskualde izaera aspaldi galdu zuen arren, Beterriko Liburua izenak izaera horren kutsua nola edo hala mantenarazten zuela iruditzen zitzaigun. 111 Akademiaren Saria izenak kutsu hori erabat ezabatu eta Euskal Herri mailako ekimen baten aurrean gaudela hobeki adierazten duelakoan gaude.
www.111akademia.com (2008)
111 Akademiak 193 akademiakideen lana eta horien arteko harremana ahalik eta modu errazenean bideratzeko, Larramendi Bazkunak ezinbestekotzat jo zuen akademiaren web gunea sortzea. www.111akademia.com 2008ko maiatzean jarri zen martxan eta ordutik bi funtzio nagusi bete ditu: alde batetik, akademiakideen lan- eta harreman-tresna bihurtu da, eta bestetik, akademiakide ez diren gainontzeko euskal literaturzale eta irakurleen atari ere bada, euren interesekoa izan daitekeen informazioa eskainiz eta hainbat ataletan parte hartzeko aukera emanez. 2014ko apirilean web gunea goitik behera berritu dugu, atari erakargarriago eta dinamikoago bat eratuz.
Hauek dira 111 Akademiak lantzen dituen helburu orokorrak:
– Euskal irakurzaletasuna piztea eta bultzatzea.
– Euskal irakurleari euskal literaturgintzan protagonismo handiagoa ematea, irakurle soil izateari utziz.
– Euskal literatura eta euskal idazle berriak ezagutzera ematea.
– Euskararen erabilera bultzatzea eta sendotzea.
– Euskararen normalizazioa bultzatzea eta euskaldunen komunitatea trinkotzea.
– Hizkuntza idatziarekin gozatzen irakastea.